Elkarrizketak

Amelia Tiganus: "Gorputzaren dinamika kontsumistagaz apurtu gura dugu"

Ander Zarraga 2022ko eka. 27a, 13:45

Idazlea eta ekintzailea izateaz gain, nerabeakaz sexu-eskubideen inguruko tailerrak ematen ditu Tiganusek, besteak beste.

Prostituzioaren miseriak azaleratu dituen emakumeetako bat da Amelia Tiganus. Bizitako esperientziatik abiatuta, gaur egun, sexu-indarkeriaren aurka eta prostituzioaren abolizioaren alde lan egiten du. Besteak beste, ikasturte honetan, Sopelako Iberre institutuan izan da proiektu pilotu bat garatzen, sinesten duelako gazteak aldaketa horren abiarazleak izan behar direla.

Nor da Amelia Tiganus?

Gatazka nahiko sortzen dit nire burua aurkeztea; prostituziotik bizirik atera den emakume gisa aurkezten naute, baina nik hori ez dut gustuko, gauza asko gogorarazten dizkidalako eta, gaur egun, beste hainbat gauza ere naizelako: ekintzailea, idazlea, hezitzailea… Kooperatibista ere banaiz, duela urte bi kide batzuekaz Emargi proiektua hasi genuelako Bilbon. Espainiako Estatuan eta nazioartean lan asko egin dugu, baina, orain, jende gazteagaz lan egiteko jomuga hartu dugu, uste dugulako hortik hasi behar dela sexu-indarkeriaren eta prostituzioaren katea apurtzen. Horretaz gain, migratutako emakumea ere banaiz, Errumanian jaio bainintzen 1984an; horrek, garrantzia handia dauka nire testuinguruan. Horretaz gain, langile klasetik nator, klase-kontzientzia nabarmena daukat eta agerian jartzen saiatzen naizen gauza bat da. Txikitan, irakaslea edo medikua izan gura nuen, ikasle ona bainintzen, baina ez nuen lortu, guztien puta bilakatu nindutelako; guztiena diot, putak ez garelako proxenetenak, Estatuaren eta beste alde batera begiratzea nahiago duten erakunde publikoen biktimak ere garelako. Ekintza edo omisioagatik abandonatzen gaituzte, eta esaten dute nahi dugulako gaudela hor sartuta. Matxismoa, arrazismoa edo kolonialismoa bezalako errepresio-ardatzek eragiten duten zapalkuntza txikiarazten dute guztia erabaki pertsonal batera mugatuz. 18 urteetatik 25era sexualki esplotatu ninduten eta, tarte horretan, 40 prostituzio-etxe baino gehiagotik pasatu nintzen. Hortik atera eta zazpi urtera feminismoari esker lortu nuen horretaz guztiaz konturatzea.

Gure gizarteak nola bizi du prostituzioa eta horren atzean dagoena?

Uste dut hemengo gizarteak beldurra diola miseria hori azaleratzeari. Dena den, uste dut gauzak aldatzen hasi direla, guraso asko arazoa euren etxeetan ikusten hasi direlako, pornografia kontsumoagatik, sexu-erasoengatik edo alaben portaeragatik, hain zuzen. Gakoa ez da fokua neskato horien familietan jartzea, semea sexu-erasotzaile bihur ez dadin heztea baizik. Hori ez da mutil gazteen erruagatik gertatzen, gizatasuna kentzera dedikatzen den industria itzel bat dagoelako baizik. Pornografiaren bitartez deskonexio moral eta enpatikoa sortzen da, eta emakumeak eiakulatzeko objektu hutsak bilakatzen dituzte beraientzako.

"Hamahiru urte nituela bost gizonek bortxatu ninduten; ez zen talde-bortxaketa bat izan, orain esaten duten moduan, aldi berean jasan nituen bost bortxaketa baizik. Lan egiten dudan neska gazteek kontatzen didatena itzela da, nire kasuan ez bezala, grabatu ere egiten dute eta gero sare sozialetan partekatu, itzela da, ahaztea ere galarazten dutelako"

La revuelta de las putas liburuan Espainiako Estatuan dagoen prostituzioaren errealitatea azaleratzen duzu. Nolakoa da?

Europan prostituzio gehien kontsumitzen duen herrialdea da Espainia, munduko hirugarrena, Thailandia eta Puerto Ricoren atzetik. Bestetik, Europa aberatsean sexualki esplotatuta dauden emakumeen % 60 Errumaniatik datoz. Hori guztia erraza da esaten, baina zer pentsatuko zenuke errumaniarrak izan beharrean euskaldunak izango balira? Errumania negozio kriminal multinazional horren lehengaien esportatzaile handia da. Sobietar Batasuna desagertu zenean, egokitze-prozesua oso latza izan zen Errumanian, eta ez zen lortu Europako beste herrialdeen parera jartzea. Herrialde aberatsetan emakumeek eskubideak lortu dituzte, baina Errumanian ez da horrela izan, eta, mendebaldeko herrialdeetako gizonek euren pribilegioak mantendu dituztenez, prostitutak beste herrialde batzuetan bilatu behar izan dituzte, kasu honetan, Errumanian; gainera, estatuen oniritzia dute, horretarako lekuak izaten uzten dietelako. Feminismotik libre dagoen gizarteko abagune bakarra da prostituzioa, horra doazen gizonek gizarteko beste inon ezin dezaketelako hor egiten dutena egin. Sexualki desiratzen ez duen emakume bati ahotik, baginatik eta uzkitik zakila diruagatik sartzen dion gizon bati ezin zaio bezero edo erabiltzaile deitu, hori sexu-eraso bat baita.

Prostituzioa dago eskaria dagoelako, ala prostituzioa eskaintzen delako dago eskaria?

Liburuan gai horri erantzuten saiatzen naiz. Nire ustez garrantzitsua da abolizioaren kontzeptua ondo azaltzea, ez baita debekatzea; abolizioa hori baino askoz ere gauza konplexuagoa da. Adibidez, Errumanian prostituzioa debekatuta dago, eta teorian aktore guztiak pertsegitzen dituzte, baina praktikan, emakumeek bakarrik sufritzen dute jazarpena. Eredu horrek ez dauka giza eskubideen aldeko ikuspegirik, ezta inondik ere. Aldiz, abolizioak prostituzioari legitimitatea kentzea bilatzen du, baina, horretarako, tresna juridikoak behar dira. Genero berdinen arteko ezkontza baimendu aurretik, biztanleriaren % 40ak uste zuen ez zegoela arazorik alor horretan, baina legea egin ostean, % 80aren onespena zuen. Beraz, legeek ere hezten gaituzte, eta prostituzioa emakumeen aurkako indarkeria dela dioten tresna juridikoak behar ditugu, mundu horretatik ateratzen diren emakumeei babesa emateko: terapia, aholkularitza eta errenta bat, adibidez. Bestalde, proxenetismo forma guztiak zigortzearen aldekoak gara baita ere. Baina funtsezko gakoa eskariari pizgarria kentzea da, eta, horretarako, heziketa berebizikoa da.

Tiganusek bi liburu argitaratu ditu orain arte, entzutetsua eta eragin handiena izan duena La revuelta de las putas izan da.

Sexuak izugarrizko garrantzia du gure gizartean, baina, aldi berean, tabua izaten jarraitzen du. Zergatik?

Bai, sexua bekatu izatetik dena balio izatera pasatu da, baina horretaz berba egin gabe jarraitzen dugu. Feministok hainbeste gauza ditugu borrokatzeko eta salatzeko askotan eztabaida horretan tematzen garela. Emargitik lortu gura duguna da etika presente dagoen sexu-ereduak eraiki eta transmititzea. Pertsonak diren moduan onartzeko beharra azpimarratzen dugu, eta saiatzen gara pertsonak objektuak bezala erotizatzen dituen begirada hori aldatzen. Guk gorputzaren eta irudiaren dinamika kontsumista horregaz apurtu gura dugu, eta transmititu gura duguna da pertsonak baloratu daitezela ez duten fisikoagatik, barruan dutenagatik baizik; hau da, sexualitatea ez dadila zakil batera eta zulo batzuetara mugatu: sexurako organorik garrantzitsuena burmuina bada eta handiena azala bada, hor gauza asko ari gara galtzen.

Eta gazteek nola sumatzen dute hori?

Emakume gazteak dira horretaz gehien konturatzen direnak. Gizarte judu-kristauan beti egon da emakume on eta txarren arteko bereizkeria hori, baina gizartea aldatzen ari da eta moral neoliberal bat ari da ezartzen; horren ondorioz, emakume gazteek arinago sentitzen dute enpatia, nahiz eta putak ez izan, kasu askotan horien moduan tratatzen dituztelako; erabili eta botatzeko objektu moduan tratatzen dituzte, gizarte kontsumistan beste hainbat gauzagaz gertatzen den moduan. Hori sexu-harremanetara eta emozioetara ere eramaten da; sexualitatea ez da kafe bat hartzearen modukoa, hainbat emozio eta sentimendu inplikatzen dituelako.

"Suediak, 1999 urtetik, putazaleak zigortu eta sexu-erasotzailetzat hartzen ditu. Horren ondorioz, gaur egun, ia ez dago prostituziorik, eta proxenetak ezin dira antolatu hemen bezala. Gazteengan aldaketa erradikal bat eman da, beraientzako pentsaezina da sexuagatik ordaintzea; agian, hemen ere belaunaldi batzuk pasatu beharko dira hori bera gertatzeko"

Nola uste duzu irauli daitekeela hori?

Erantzuna ez da erraza, batez ere, kontutan izanda zer-nolako industria dugun aurrean. Abolizioaren alde gauden feministok pentsatzen dugu gaztetxoei eduki pornografikoetara sarbidea mugatu behar zaiela. Gero eta psikologo gehiago ari dira ohartarazten disfuntzioa duten nerabeen kopurua goraka doala, daborduko ez direlako kapazak benetako emakume bategaz eszitatzeko, indarkeriarik ez badago. Guretzako garrantzitsua da eduki horietara sarbidea mugatzea, ikusi dugulako 11 edo 12 urteko umeak adingabeentzat debekatuta dauden bideo-jokoetara jolasten dutela; zentzu horretan, gurasoen papera berebizikoa da, beraiek baimentzen dietelako horrelako edukiak kontsumitzea. Baina ezin gara horretara mugatu, ezin duzu besterik gabe debekatu, hori pedagogia prozesu bategaz lagundu behar delako. Gazte horiei akonpainamendua egin behar zaie, gai horien inguruko hausnarketa bultzatu eta beraiekaz zuzenean berba egin behar dugu.

Sare sozialen papera ere nabarmentzen duzu. Zergatik?

Telefonoagaz hazi diren 13 urteko gazteek, adibidez, Onlyfans bezalako sare sozialak ezagutzen dituzte. Instagram bezalako sare sozial horretan, edukietara sartzeko ordaindu behar da, baina nork ordainduko luke edonoren Instagram kontua ikusteagatik? Zerbitzu horren bitartez, neska gazteei eduki pornografikoak sortzera bultzatzen zaie diruaren truke. Gizartetik helarazten den mezuak esaten die ondo dagoela gorputzagaz etekina ateratzea, eta, helduok hori bultzatzen jarraitzen badugu, neska gazte horiek ez dira kontziente izango egiten ari direnaz eta izan dezakeen eraginagaz. Proxenetak horretaz konturatzen dira, eta eskari edo arrakasta gehien dutenak hautatzen dituzte prostituzioan sartzeko bidean jartzeko. Hain surrealista dirudien hori orain eta hemen ari da gertatzen, eta, kasu askotan, gurasoen aurrean ematen da. Putazaleak ez dira zertan burdel batera joan behar, nahikoa dute telefono aplikazio bategaz gura duten emakumea aukeratzeko. Gainera, orain kilometro zeroko produktua ere eskatzen dute, ekologismoaren kontzientzia horrek bultzatuta, ez baitituzte atzerriko emakume esplotatuak gura, eta sare sozialak tresna ezin hobeak dira horretarako.

Ikasturte honetan proiektu pilotu bat garatu duzue Sopelan; nolakoa izan da esperientzia?

Hainbat tailer eta berbaldi eman eta gero, azkenean Emargi kooperatiba sortzea erabaki genuenean, pentsatu genuen tailer bat edo hitzaldi bat ematea ez zela nahikoa. Gure ardura da neska eta mutil gazteak aldaketarako subjektu aktibo bihurtzea, hau da, prozesuari jarraipen bat ematea. Horregatik, Emargin kanpaina integralak sortu ditugu, eta, apirilean, Sopelako Iberre institutuan proiektu pilotu bat garatzen hasi ginen. Horretan, sei tailer egin ditugu, batzuetan sexuen arabera banatuta, eta hainbat gai landu ditugu gazteakaz: maitasuna, sexu-indarkeria, sare sozialak, feminismoa… Mutilek dituzten erreferente gabezia ere aztertu dugu, eredu bakarrak youtuberrak eta futbolariak edo horrelakoak dituztelako. Bukatzeko, ikasle batzuek ekintza jakin bat egin dute, eta, laster, proiektu horren baitan sexu-indarkeriaren aurkako gazteen lehen elkartearen sorrera ikusiko dugu. Guk hainbat aukera proposatu dizkiegu aldaketa hori bultzatzeko beraiek egon daitezen erdigunean. Askotan, helduok gutxietsi eta umetu egiten dugu gazteek duten adimena eta gaitasuna; sinesgaitza da akonpainamendua egiten ez jakiteagatik alferrik galtzen ari garen potentziala. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun