Azaldu dutenez, AVS/SAA siglak dituen alderdia Sopelako Auzo Elkarteko hainbat kideren eskutik sortu da. Asoziazio hori duela urte bi sortu zen Larrabasterrako bizilagun asko trafiko kopuru altuak eta Abaron, Iberre Institutuaren atzealdean, eraiki gura dituzten etxebizitzek eragiten zien "ezinegonagatik". Horregaz batera, udalerriko hainbat arazok kezkatzen dituela ere nabarmendu dute, hala nola kaleen eta lorategien egoera mantentze-lan ezagatik, garbitasuna falta eta azken urteotako biztanleriaren hazkundeak eragindako zerbitzu gabezia.
Diotenez, auzo, adin eta maila soziokultural guztietako sopeloztarrek osatzen duten alderdia dira, eta udal-hauteskundeetara aurkeztuko dira, "gure herria hobetzeko gogo soilarekin". Deitoratu dutenez, nekatuta daude herriaren narriaduragaz, aparkalekuen desagertzeagaz, lorategien eta kaleen mantentze-lanen eta zaintzaren utzikeriagaz, eta "herriari eragiten dioten hamaika arazogaz, egungo gobernu-taldeak konpondu ez dituenak", eta kudeaketa hobetu daitekeela uste dute.
Halaber, egungo gobernu-taldearen gardentasun falta "nabarmenena" dela deitoratu dute: "Arartekoak gure Udala ohartarazi du, auzokideei ez erantzutegatik". Hori dela eta, herriagaz lankidetza kultura sortu gura dutela ere agindu dute, herritarrak entzunez euren kexei, iradokizunei eta eskaerei erantzunez.
Euren proposamena xumea izan arren, adierazi dute denboran hazkunde iraunkorra biltzen dutela, "gure auzokideen ongizatea eta bizi-kalitatea hobetzeko".