Meñakoz kultur elkartea

Sopelako euskal kulturaren eta euskararen jagoleen elkarteak 20. urteurrena ospatuko du zapatuan

Ander Zarraga 2023ko mai. 3a, 16:28

Meñakoz Kultur Elkarteak 20 urte betetzen ditu aurten, eta urtemuga horren ospakizun handia zapatu honetan izango da, hilaren 6an, urtero egiten dute Udaberriko Jaian. Horretarako, elkartea osatzen duten 150 kide baino gehiagok bat egingo dute eta pandero-jole, dantza- eta abeslari-taldeak goizetik iluntzera arituko dira Sopelako kaleak alaitzen. Festa borobila izan dadin, Euskal Herri osoko joaldunak ere gonbidatu dituzte Joaldunen Jaia egiteko.

Meñakoz kultur elkartea 2003an jaio zen, daborduko desagertuta dagoen Alkartasuna Dantza Taldeak utzitako lekukori helduz. "Gu ez geunden horretan, baina berehala hasi ginen 'herria eta kultura' leloa duen eragilea sortzeko lanetan", gogoratu du Monika Gonzalez Meñakozeko kideak. Dioenez, umeen eta nagusien dantza taldeak, panderojoleak, txalapartariak eta euskara sustatzeko familien arteko berbalagunak egiten hasi ziren, udalerrian euskal kultura eta euskara hauspotzeko helburuagaz. "Jendeak gogoa zuen zerbait egiteko eta horrela joan gara taldeak osatzen; hori bai, egiten dugun guztia musu-truk da, guk ez dugu ezer kobratzen" azpimarratu du elkarteko kideak.

Gaur gaurkoz, askotariko hainbat taldek osatzen dute Meñakoz kultur elkartea, hala nola lau dantza taldek, pandero-joleen taldeak, Sopela Kantari taldea, joaldunak... Horien artean, Beti Gazte taldeko kideek dantza garaikidea egiten dute Gorka Granado dantzari entzutetsua dutela irakasle. "Bera hemengo ikaslea izan zen eta orain gure irakaslea da", azaldu du Laura de la Hoya taldeko kideak. Gainera, duela gutxi Labarretan ikuskizuna egin zutela ere dio, "20. urteurrenerako Granadoren sorkuntza-lana izan da Itsaso Payaren bertsoekin". Halaber, pandero-joleen taldean ere adin guztietako hainbat taldekide batzen direla nabarmendu du Itziar Lazaro Meñakozeko beste kide batek.

Egiten dituzten jarduera guztiak kontutan hartuta, udalerriko kultur eragile garrantzitsuena direla azpimarratu du Lazarok; izan ere, urtean zehar udalerrian hamaika jarduera antolatzen dituzte eta beste hainbatetan parte hartzen dute, hala nola Olentzero eta Mari Domingiri harrera, jaietako irrintzi-lehiaketa, Korrika, Euskal Jaia edo hurrengo maiatzaren 6an ospatuko duten Udaberri Jaia.

"Baldintza bakarra parte hartzea da"

Gaur egun, entseguak ez dituzte Akilino Arriola kalean duten lokalean egiten, taldearen arabera Kurtzion, Zipiriñe ikastetxean edo kiroldegian elkartzen baitira. Gonzalezek azpimarratu duenez, horietan edonork eman dezake izena eta doakoa da, "jartzen dugun baldintza bakarra da ekintzetan parte hartzeko prest egotea". Horrez gain, dantzan edo panderoa jotzen ikasi gura dutenentzako ere klaseak ematen dituzten irakasleak dituzte. Hoyak dioenez, Sopelan emanaldi bat egiten duten bakoitzean norbait hurbiltzen zaie galdetzera ea nola parte hartu dezaketen: "Helduak zein gazteak horrela animatzen dira Meñakozen sartzera, baina pandemiarekin bi urtetan ez garenez atera, beraz, galdutako ikusgarritasun hori berreskuratu nahi dugu".  

Euskal Herriko Joaldunen Jaia

"Joaldunen kontua ere gure beste harrikada izan zen. Iruñean, Korrika baten amaieran geundela, ehun bat joaldun batu ziren eta gauza ikusgarria iruditu zitzaigun; orduan, pentsatzen hasi ginen ea guk ere zer egin genezakeen Sopelan", gogoratu du Gonzalezek. Gutxika, taldeari forma ematen hasi zirela gogoratu du: "jantzietarako larruak guk landu genituen, Berriozarrera ere ikasten joan ginen eta gainontzeko materialak erosteko jaietan jarritako elkartearen txosnako dirua baliatu genuen". Horrez geroztik,, Euskal Herriko joaldunen taldean sartu ziren eta urtero egiten den Joaldunen Jaian parte hartzen dute. "Sopelan, momentuz zortzi joaldun gara, baina urtez urte joaldunen artean gero eta emakume gehiago ikusten dira", gaineratu du dantzariaz gain joalduna ere den Hoyak. 

Maiatzaren 6a, zapatuan, urteurreneko ospakizun handia egingo dute, egun horretan Udaberriko Jaia eta Euskal Herriko Joaldunen Jaia egingo baitituzte Sopelan. Horretarako, goizetik hasiko den egitaraua prestatu dute eta Joanes Atxa joaldunak eta elkarteko kideak iragarri duenez, Euskal Herriko hainbat lurraldetatik etorriko dira joaldun-taldeak: Baionatik, Lezotik, Atarrabiatik, Zornotzatik, Olaguetik, Lekeitiotik, Kanpezutik... Atxak gaineratu du elkartearentzako oso egun berezia izango dela, urtemuga izateaz gain, Meñakoz osatzen duten talde guztiak elkartuko baitira herrian jaiegun handia ospatzeko. 

Era berean, urteurrena borobiltzeko eta sopeloztarrei deia zabaltzeko abesti bat sortu eta taldekide guztien parte hartzeagaz bideo bat ere grabatu dute. Abestiaren letra Naroa Torralba bertsolariak egin du eta ahotsa jarri diote Atxak eta Libe Urrutia, Zuzterrak eta Nonbait taldeko abeslariak, hurrenez hurren. "Talde biok elkartu eta batera egin dugu urteurrenerako abestia. Emaitza oso hunkigarria dela esango nuke", kontatu du Atxak.

Egitaraua:

Maiatzak 6, zapatua

  • 11:00 Zapi-tailerra eta euskal jantzien erakusketa, udaletxeko plazan.
  • 12:00 Euskal Herriko Joaldunak eta Sopelako trikitilari eta panderojoleak herrian zehar.
  • 13:00 Meñakoz, 20 urte ekitaldia eta argazki erraldoia, udaletxearen alboko berdegunean.
  • 13:30 Meñakoz eta Eguzkilore taldeen dantza-agerraldia, udaletxearen alboko berdegunean.
  • 15:00 Herri-bazkaria, udaletxeko plazan.
  • 16:30 Bazkalostea Sopela Kantari taldeagaz batera.
  • 18:00 Labarretan ikuskizuna.
  • 19:00 Dantza-plaza Zuzterrak taldeagaz batera.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun