Guruzne Carrasson, EH Bildu: "Gure ardatzek Sopelako arazo nagusienekin bat egiten dute"

Erredakzioa 2023ko mai. 18a, 08:00

Guruzne Carrasson Torrontegi, Sopelako EH Bilduren hautagaia. © EH BILDU SOPELA

Sopelako Udaleko aginte-makila bereganatzeko lehia gogorra izango da hurrengo maiatzaren 28an, eta, horretarako, EH Bilduk Guruzne Carrasson hautagaiaren aldeko apustua egin du. Sopeloztarrak azpimarratu du udalerriko arazoei hurbiltasunez, gardentasunez eta elkarrizketaren bitartez erantzun gura dietela, eta horretarako hainbat proposamen dituzte. Horrez gain, nabarmendu du "iraganarekin hautsi eta etorkizunera begiratu nahi duen Sopela ordezkatzen" duen hautagaia dela bera.

Zeintzuk dira zuen programako ardatzak?

Udala modu kooperatiboan eta gardentasunez gidatu beharra dagoela uste dugu, herritarrei eta eragile sozialei ahotsa emanez. Gauzak egiteko estilo horri jarraituz, sei lehentasun nagusiei erantzuna eman nahi diegu: etxebizitza, hezkuntza, mugikortasuna, ingurugiroa, berdintasuna eta gazteak. Gure ardatzek Sopelako arazo nagusienekin bat egiten dute.

Zeintzuk dira zuen ustez Sopelak dituen arazo nagusiak?

Gure ikastetxe publikoen espazio-arazoak, gure ingurune naturalaren degradazioa, gure kaleetatik igarotzen den trafikoa, baina, batez ere, etxebizitzaren arazo larria eta Sopelak duen Babes Publikoko Etxebizitzarik eza, hirigintza-plangintza txarreko hamarkaden ondoren, gutxi batzuen interesak lehenetsi dituena sopeloztarren interesaren gainetik.

Zer proposatzen duzue horiek konpontzeko?

Etxebizitzan, Abaron eta Erripan BOEak bultzatzea, hutsik dauden etxebizitzak alokairuan jartzea lortzea, lonjak etxebizitza bihurtzea BOEen baldintza beretan. Hezkuntzan, bere garaian Loroñon proposatu genuen ikastetxe berria bultzatzea eta Zipiriñeko eta Iberreko hezkuntza-komunitateei laguntzea. Ingurumenari dagokionez, Eraztun Berdearen proiektuaren aldeko apustua egiten dugu. Mugikortasunean, oinezkoentzako lehentasuna eta saihesbideak. Eta hori guztia eredu kooperatibo eta eraldatzaile batekin egingo dugu, betiere gure balioak argi izanda: hurbiltasuna, gardentasuna eta elkarrizketa.

Beste alderdiekin itunak sinatzeko prest zaudete?

Aberasgarria eta beharrezkoa ikusten dugu beste indar politiko eta eragile sozialekin lankidetzan aritzea, denak berdin jarrai ez dezan, Sopela alda eta hobe dadin, orainetik gure herriaren etorkizuna eraikitzeko: Sopela dinamikoa, anitza, feminista, euskalduna eta berdea.

Zergatik eman zuri botoa eta ez beste hautagai bati?

Iraganarekin hautsi eta etorkizunera begiratu nahi duen Sopela ordezkatzen dudalako. Aldaketarekin konprometituta nagoelako, Sopelarekin eta bere jendearekin. Gure proiektua benetakoa delako: Sopela alda daiteke, hobeto egin daiteke eta benetan egin egingo dugu. Gainera, gure hauteskunde-zerrenda osatzen duten pertsona apartak ditut ondoan, Sopela maite dutenak, herrian erreferente direnak. Eta hori guzti gutxi balitz, zerrenda horren zati handi bat emakumeak dira, oso emakume indartsuak eta oso prestatuak, eta bada garaia geuk historia egiteko!

Hautagaitza honen programa osorik ikusteko, sakatu hemen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun