Zeintzuk dira zuen programako ardatzak?
Udal-gobernua beste modu batean gidatu behar dela uste dugu. Guretzat demokrazia ez da bakarrik lau urtero bozkatzea, baizik eta herriak gobernuan parte-hartze aktiboa izatea eta beren kexak eta proposamenak entzutea eta betearaztea. Orain arte ala izan balitz, Sopela ez zen egongo gaur egun dagoen egoeran. Gure programak oinarrizko zerbitzuak aldarrikatzen
ditu: alokairuzko etxebizitza publikoak, kalitatezko hezkuntza ekipamenduak, udal-zerbitzuen publifikazioa, saihesbideak, gobernuan parte-hartzea eta ingurugiroa eta jasangarritasuna.
Zeintzuk dira zuen ustez Sopelak dituen arazo nagusiak?
Sopela asko hazi da azken urteetan, baina ez da egon EAJ eta PSEren udal-gobernuen epe luzeko planifikaziorik edota beraien lehentasuna ez da izan sopeloztarren ongizatea bermatzea, ez dakit zein den tamalgarriagoa. Etxebizitzaren prezioak sopeloztarrak herritik kanporatzen ditu, ez dago Batxilergorik eta eskola eta institutua ikaslez gainezka daude.
Horrekin batera, trafikoa izugarri hazi da eta erdigunetik pasatzen da kutsadura eta zarata sortuz, udal-zerbitzuak enpresak kudeatzen dituzte beraien onurarako eta ez herriaren eta langileen onurarako. Gainera, eraikitzeko orduan ez da ingurumena kontuan hartzen eta ez da jasangarritasunaren alde ahal den guztia egiten. Hauek izango lirateke garrantzitsuenak baina gehiago daude, urteetan planifikaziorik gabeko hazkundearen ondorioz.
Zer proposatzen duzue horiek konpontzeko?
Hasteko, herriari ahotsa emango diogu eta parte-hartze aktiboa sustatuko dugu udal-kudeaketan. Horretarako auzo-biltzarrak sortuko ditugu, auzotarrek udal-gobernuari beraien kexak eta proposamenak ofizialki esan ditzaten.
Etxebizitzan: Abaron eta Ripan alokairuzko BOEak onetsiko ditugu eta gehiago behar izatekotan, gehiago eraikitzeko lursailak bilatuko ditugu.
Hezkuntzan: hezkuntz-komunitateak Loroñon Haur Hezkuntzarako eraikin berria eraikitzearen alde bozkatu zuen eta hori bermatuko dugu, Abaron batxilergoa eraikitzearekin batera. Pedagogikoki aukera hoberena, epeen aldetik azkarrena eta hezkuntza-komunitatea bozkatu zuena.
Saihesbideak: Bizkaiko Foru Aldundiak bere erantzukizunak bete behar ditu eta Sopelan saihesbideak eraiki, jasanezina da herritik egunero igarotzen den trafiko guztia eta horrela urteak daramatzagu konponbide barik. Aski da!
Publifikazioa: udal-zerbitzuen publifikazioa aztertuko dugu, herriarentzat eta langileentzat hoberena, gure lehentasunak direnak, eta ez enpresen etekinak.Hasteko, kiroldegiaren kontratua bertan behera utziko dugu eta prozesu parte-hartzaile bat egingo dugu, herriak erabaki dezala zein motako kiroldegia nahi duen eta ez EAJ eta PSEk. Horrekin batera,
publifikazioa garatuko dugu.
Ingurumena: Eraztun Berdeari babes osoa emango diogu, Sopelako ingurugiroa eta ondare kulturala babesteko eta merezi duen garrantzia emateko.
Jasangarritasuna: arlo honetan asko egiteko dago eta egingo dugu. Udalak kontsumitzen duen energia elektrikoaren %100 berak ekoiztea da gure helburua. Horrekin batera, herri osoan energia berriztagarrien garapena bultzatuko dugu Udaletik, komunitate energetiko bat garatuz.
Beste alderdiekin itunak sinatzeko prest zaudete?
Bai noski, demokrazia desberdinen arteko ulermenean oinarritzen da, baina beti programa batera lotuta.
Zergatik eman zuri botoa eta ez beste hautagai bati?
Elkarrekin osatzen duten pertsonek erakutsi dutelako gauden gobernuetan gauzak aldatu ahal direla, gauzak ez direla horrela izan behar, aldatu ahal ditugula guztion onerako, guztion artean, gizarte berdintasunaren, feminismoaren eta jasangarritasunaren bila.