Sopelako erdigunean egiten ari diren lanak, udaletxearen eta San Pedro elizaren artekoak, maiatzaren amaierarako bukatuta egongo zirela iragarri zuen udalerriko gobernu-taldeak apirileko osoko bilkuran. Orain, jaietako Txosna Batzordeak salatu du sanpedroetako txosna-gunea "arrazoi teknikoengatik" Loroñora mugitzeko agindu dietela, lanak ez omen dituztelako uztailaren erdialdera arte amaituko.
Horregatik, aste honetako eguenerako, maiatzaren 25erako, elkarretaratzea egingo dute Sopelako Udaletxeko plazan, 19:00etan. Hala, argi adierazi dute jaiak herrigunera bueltatzeko borrokan jarraituko dutela.