Sopelako Udaleko jarduneko gobernu-taldeak El Correo egunkariak ekainaren 7 honetan argitaratutako informazioa gezurtatu du. Bertan esaten denez, “Tourraren igarotzea dela-eta, Sopelako jaietako ostiralean bertan behera utzi beharko dira” eta, hori dela eta, “jarduerak, tabernak eta txosnak ekainaren 30ean gaueko hamarretan itxi beharko dira, jende-pilaketak eta mugikortasun-arazoak saihesteko”.
Jarduneko gobernu-taldeak “aldendu” egin gura du hedabide horrek argitaratutako informazio horretatik eta informazio horrekiko edozein lotura gezurtatu du.
Josu Landaluzek, egungo jarduneko alkateak, azaldu du Udalak komunikatu bat bidali ziela udalerriko ostalariei, “uztailaren 1ean Sopelak Tourraren igarotzea normaltasun osoz bizi zezan Udalarekin elkarlanean aritzera animatzeko”. Ildo horretan, “ostalarien eskaerei jarraiki, tabernak 24:00etan ixtea eskatu zen, jendeak festatik alde egin ahal izan zezan eta Tourraren aurretik egin beharreko lanak egin ahal izan zitezen”.
Hala ere, Landaluzek azpimarratu du joan den maiatzaren 29an bilera bat egin zutela txosnen eta ostalaritzaren antolakuntzako ordezkariakaz eta bertan jakinarazi zela Tourra igarotzearen ondorioz abian jarriko ziren neurri batzuen berri. Hala ere, nabarmendu du bilera horretan ekainaren 30ean txosnak eta tabernak ixteko ordutegiari dagokionez ez zela inolako adostasun garbirik lortu, eta, ondorioz, “dena negoziazio-fasean dago oraindik eta sartzen den gobernu-taldeak zehaztu beharko du guztia", iragarri du.