Zeharkaldia goizeko 09:00etan hasi zen Sopelako Udaletxeko Plazan korrika egiteko eguraldi aproposagaz; izan ere, ez zegoen euri arrastorik. 21 kilometroko Maratoi Erdiko parte-hartzaileak Uribe Kostako itsaslabar eta hondartza ikusgarrietatik igaro ziren 1.200 metroko desnibelari aurre eginez. Horren irabazleak izan ziren Ion Sola (01:28:30) eta Sara Gutierrez (01:48:17), bien lehenengo aldia izanik lasterketan parte hartzen. Gizonezkoen kategorian, Jose Irurozquik lortu zuen bigarren postua, 01:28:50eko denboragaz, eta Jon Pascualek hirugarrena, 01:31:39gaz, iazko irabazlea. Emakumezkoen kategorian, bigarren postua Amagoia Legarra sopelarrarentzat izan zen 01:51:28ko markagaz. Halaber, Amagoia Salazarrek osatu zuen podiuma, hirugarren postua lortuz, 01:52:19ko denboragaz.
Edizio honek, kirola ez ezik, ingurumenarekiko konpromisoa ere izan du ezaugarri. Parte-hartzaile guztiei esker, antolakuntzak GaituzSport Fundazioak garatzen dituen programei emango die izen-emateen bidez bildutakoaren zati bat. Fundazio horrek jarduera fisikoa eta kirola sustatzen ditu pertsona guztien artean, kirola gustuko duten pertsona guztien bizi-kalitatea hobetuz.