Kosta Trail mendi-lasterketako motorrak berotzen hasi dira

Ander Zarraga 2023ko mar. 13a, 10:40

Antolatzaileek 4.000 parte-hartzaile inguru aurreikusi dituzte aurtengo ediziorako. © KOSTA TRAIL

Hurrengo ekainaren 18an, eskualdeko itsaslabarrak milaka pertsonaz beteko dira Kosta Trail mendi-lasterketaren 17. edizioan. Urtero legez, kirol-proba honek kirola, elkartasuna eta jasangarritasuna bateratu gura ditu Uribe Kostan.

Eskualdeko lasterkari eta kirolzale askok hain gogoko duten mendi-lasterketa geroz hurbilago dago; izan ere, aurtengo proban izena emateko epea hilaren 20an zabalduko dutela iragarri dute antolatzaileek. Ohikoa denez, parekorik ez duen itsasoaren mailan egiten den mendi-lasterketak honek hiru modalitate izango ditu arten ere: mendi-maratoi erdia (21 kilometro), mendi-martxa (20 kilometro) eta familientzako martxa (7 kilometro). Antolatzaileen aurreikuspenen arabera, aurtengo lasterketan 4.000 pertsona inguruk parte hartuko dute Kosta Trailen hiru modalitateen artean.

Aurrekoetan bezala, lasterketak bere izaera solidarioari ere eutsiko dio aurten. Hala, hainbat marka ezagunen laguntzari eta parte-hartzaileen izen-emateari esker batzen den diru guztia GaituzSport Fundazioari emango diote dohaintzan. Erakunde hori aurreko edizioetan ere izan da onuradun, izan ere, jarduera fisikoaren bidezko inklusioan erreferentea dela azpimarratu dute antolatzaileek, desgaitasun fisikoak dituzten pertsonek ere kirola berdintasunean egiteko aukera izan dezaten, euren osasuna eta bizi-kalitatea hobetzeko helburuagaz.

Azpimarratu dutenez, lasterketa 2006an antolatzen hasi zirenetik, Kosta Trailek 170.000 euro baino gehiago eman ditu dohaintzan erakunde eta elkarte ezberdinen lana bultzatzeko. Antolatzaileek gogoratu dutenez, aurreko edizioan, GaituzSport Fundazioak 12.700 euro jaso zituen kirol inklusiboa babesten jarraitzeko.

Izen-ematea

Aurten ere, izen-ematea Kosta Trail webgunearen bitartez egin beharko da hiru modalitateetan. Epea martxoaren 20an zabalduko dute eta mendi-maratoi erdiko parte-hartzaileek maiatzaren 1a arte edo inskripzioak bukatu arte izango dute astia. Gainontzekoek ekainaren 16ra arte izango dute, beti ere plazak aurretik agortzen ez baldin badira. Prezioei dagokienez, maratoi erdian izena emateko prezioa 18 eurokoa izango da federatutakoentzat eta 23 eurokoa gainontzekoentzat; mendi-martxen kasuan, prezioa sei eurokoa izango da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun