Nola sortu zen mendi taldea?
1998an sortu zen. Bi lagun elkartu ziren -Anton eta Jon- eta konturatu ziren Sopelan ez zegoela mendi talderik Euskal Mendizale Federazioaren barnean. Horregatik, herri-galdeketa bat egin eta proiektua aurkeztu zuten. Oso erantzun positiboa izan zuen, eta jende asko animatu zen parte hartzera; hala, kluba sortu zen. Egun, 25 urte geroago, 250 bazkide ditugu, eta jende asko mugitzen duen elkartea gara.
Esan bezala, aurten 25 urte bete dituzue. Nola aldatu da taldea denbora honetan?
Lehenengo irteerak hurbilen genituen eremuetatik egiten genituen, mendirik ezagunenetatik. Lehen, 10 irteerako egutegia egiten genuen urtean, eta, orain, ordea, 20 irteerakoa. Gainera, Pirinioetan astebeteko irteera bat ere egiteko asmoa dugu aurten. Beraz, 25 urte hauetan uste dut batez ere asko ikasi dugula esperientziaren bidez.
Nolako garrantzia du zuen mendi taldeak Sopelan?
Sopelako jendeari, baita Uribe Kosta osotik eta Bilbotik etortzen den jendeari ere, gertuko geografia ezagutzeko modu bat eskaintzen diogu. Ibilbideak aurretiaz prestatzen ditugu, segurtasuna eta lasaitasuna emanez irteera orotan, eta euskarri sozial bat ere ematen diezu mendia eta natura gustuko duen jendeari. Mendizaletasuna partekatu gura dugu izena eman gura duten pertsona berri guztiakaz.
Nolakoa da zuen mendi taldeko parte-hartzaileen profila?
Orain 60 urteko batez besteko lagunak gaude. Aldatu nahiko genukeen afera da; gazteengana gehiago hurbildu gura dugu. 20 eta 30 urte bitarteko pertsonak falta zaizkigu; izan ere, talde honek jarraipena izan behar du, eta pertsona berriak apuntatzen ez badira, etorkizunean kluba hiltzeko arriskua dugu.
Aurten Sopelako jaien txupina emango duzue. Nola sentitzen zarete?
Herrian integratuago sentitzen gara, egia baita urte asko daramatzagula gure jarduerak egiten, baina pixka bat era independentean. Aurten nolabaiteko ahalegina egin dugu herri osoarentzat gauzak egiteko, hala nola maiatzeko gaueko martxa, irailean errepikatzeko asmoa duguna. Argazki erakusketa bat ere egin dugu.
Beraz, oso eskertuta gaude Sopelari hor gaudela ikusarazteagatik. Beraz, gora Munarrikolanda Mendi Taldea eta gora Sopelako jaiak!