Omenaldian, besteak beste, Jose Angel Iribar Athleticeko atezain ohia, Athleticeko emakumezkoen taldeko jokalari Garazi Murua, Naroa Uriarte eta Bibiane Shulze; Betiko emakumezkoen taldeko jokalariak eta zuzendaritzako lagunak eta Ugeraga futbol-taldeko gazte mailako eta lehen taldeko kideak egon ziren.
Agerraldian ez zuten zalantzarik izan Hernandezen ibilbidea goraipatzeko: "Oztopoak oraindik gogorrak badira ere, futbolean edozein lekutara irits gaitezkeela erakutsi diguzu". Ugeragako jokalariak itxaropentsu agertu ziren etorkizunagaz eta emakumeak kirolaren munduan hartzen ari diren oihartzunagaz. "Emakume futbolarien harrobi indartsua sortzen ari gara Sopelan", ziurtatu zuten.
Uneoro oso hunkituta agertu zen jokalari omendua, txalo artean aitortu zuen lortutako lorpena ez zuela oraindik guztiz barneratu eta ez zuen zalantzarik izan jasotako babes eta errekonozimendu adierazpen guztiak "bihotzez eskertzeko". Futbolari sopeloztarrak kirol munduan hasten ari diren gazte guztiei esan gura izan zien ahaleginak beti bere saria duela, eta bidean aurkituko dituzten oztopoak gorabehera, euren ametsa egia bihurtzen saiatzera animatu ditu.
Kirol inklusiboa
Bestalde, Aitziber Onaindia Sopelako Udaleko Kirol Saileko zinegotziak Hernandez zoriondu zuen, "kirol inklusiboago baten alde lan egiteagatik". Era berean, nabarmendu zuen emakumeak kirolean maila gorenean berdintasunez lehiatzeko aukera dagoela erakutsi duela; "eredu zara Sopelako emakume kirolarientzat".
Bestalde, Udalak "berdintasunean oinarritutako Sopela baten alde lanean jarraitzeko konpromiso argia" duela gaineratu zuen zinegotziak. Azkenik, Euskal Selekzioak nazioarteko txapelketetan ofizialki lehiatzearen alde egin zuen Onaindiak: "Gaur Sopelara Euskal Selekzioaren ofizialtasunaren aldeko aldarria ekarri nahi dugu. Euskal Herritik mundura!".