Elkarrizketak

Bene Markaida: "Euskal gramatika, literatura eta historia ikistea berpizkunde bet izen zan niretzat"

Nahia Martinez Gondra 2023ko urr. 2a, 09:57

18 urtez ibili zen Markaida euskara irakasten Sopelan. IKER TORRE NAVARRO

Euskara txikitatik jakin arren, 43 urtegaz erabaki zuen Bene Markaida sopeloztarrak euskaran alfabetatzea, gero, 18 urtez euskara klaseak emateko. Ama elantxobetarra eta aita sopeloztarra ziren aldetik, txikitatik euskaraz mintzatu dira Bene Markaida eta bere ahizpak. Bere gaztaroaz oroitzean, etxe alaia du gogoan: "Baserritarrak ginen eta behar itxen gendun. Baina asko irakatsi euskuen, eta gure mundue politte izen zan. Gurasok kontalari eta kantariak izen ziran". Hala, "mizkeri gitxiko" gaztaroa izan arren, zoriontsuak zirela baieztatzen du.

Franco diktadorea hil zenean, 40 urte zituen Markaidak, eta lehendabizikoz ireki zuten euskara ikasteko aukera Deustuko Hizkuntza Eskolan. Bere ahizpa Maria Eugeniak animatuta, izena eman zuen, eta bere hitzetan "berpizkunde bet" bizi zuen: "Lehendabizikoz euki neun nik aukera ikisteko euskal gramatika, literatura eta historia. Izen zan bat-batean mundu barri bet zabaltzea lez". Kurtso bi egin ostean, titulua atera zuen, eta euskara ikasteaz gainera hizkuntzak zuen balioaz jabetu zen: "Euskara genkian, baina ez geuntzon preziorik emoten; bat-batean bagenekin ze balio eukan".

Aitzitik, oraindino zerbait gehiago egin behar zuela sentitzen zuenez, 25 urte gorakoentzako unibertsitateko sarbidea egin eta Derioko magisteritza eskolara sartu zen. "Derion magisteritza euskaraz itxen gendun lehenengo promozioa izan ginen. 33 ikasle: 32 gazte, 18-20 urte bitartekoak, eta ni, 44 urtekoa", gogoratzen du. Hala, lanean hasi zen D eredua eskoletan hasten zegoenean, eta 18 urtez ibili zen euskara irakasten zoriontasun eta kanta artean. Non eta Sopelan bertan.

Ordudanik, herria "ikeragarri" aldatu dela aitortzen du Markaidak: "Elizaldera noanen batzuten begik itxi behar dodaz eta gogoratu itzen naz: hemen Sartutza egoan, hemen Landabe... elizalden etxe dotoretxuak egozan eta hor bizi ziran medikuk edo maisua. Guk bizi eta ezatu gendun Sopela guztiz ezberdina zan".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun