Maiatzean, Munarrikolanda Mendi Taldeko bazkideen bazkaria egin zuten, eta taldearen lehenengo txangoa izan zen Aralarrera bueltatu ziren euren hastapenak gogoratzeko. Horrez gain, irailean, gaueko martxa bat egin zuten 200 pertsona baino gehiagoren parte hartzea izanda. Urteurrenaren ospakizunagaz jarraituz, hil honetan mendiari buruzko film eta dokumental ezberdinez gozatu ahalko dute herritarrek.
Hala, jarduerak urriaren 20an, barikuan, hasiko dira, Mendi Tour jaialdiaren itzuleragaz. Mendi Film nazioarteko jaialdiko film onenen zirkuitu ibiltaria da eta Kurtzio Kultur Etxera itzuliko da 2023ko denboraldiagaz. 20:00etatik aurrera, saioetara bertaratzen direnek berriz ere gozatu ahal izango dute mendiko zinemarik zirraragarrienaz 2022ko abenduko Mendi Filmetik hautatutako 5 ikus-entzunezko piezakaz. Bertan adrenalina, mendia, abentura, muturreko kirola eta natura nahastuko dituzte. Sarrera doakoa izango da eta gonbidapenak eskuragarri egongo dira Kurtzio Kultur Etxean eta bere webgunean.
Bestalde, urriaren 21ean, zapatuan, mendiko sari garrantzitsuenak diren Urrezko Pioletak aintzatetsitako Silvia Vidal eskalatzaile kataluniarrak, Sinkronia Magikoa izeneko hitzaldia aurkeztuko du 20:00etatik aurrera. Hitzaldi horretan, 2020an berak bakarrik egin zuen Cerro Chileno Grande mendiaren mendebaldeko aurpegira egindako lehen igoeraren irudiak aletuko eta proiektatuko ditu.
Azkenik, urriaren 22an, domekan, Luis Miguel Eguiluzek Vida normal dokumentala proiektatuko du arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Bertan, egunerokotasuna eta osasun arazo kontaezinak gainditzeko gakoak emango ditu.