Nondik datorkizu Uribe Kostako emakumeen abesbatza bat sortzeko ideia?
Gaztetatik koroaren munduarekin oso lotuta egon naiz. Euskal Herriko Unibertsitateko abesbatzaren sorreran egon nintzen eta bertan ibili nintzen urte asko zuzendariorde bezala. Beranduago, koroko kide ohi batzuekin batera Iubilo Bilbao Abesbatza sortu genuen eta bertan egon naiz 11 urtez 2023ko maiatzera arte.
Hainbeste urte kantuarekin lotuta egon eta gero, hutsune bat sentitu nuen eta horregatik proiektu berri bat sortu nahi nuela erabaki nuen: Uribe Kostako emakumeen abesbatza bat.
Nolakoa da egungo egoera abesbatzei dagokionez?
Egoera nahiko makala da. Herri guztietan abesbatza asko daude, baina partaideen adin-tartea oso altua da. Gazteak dauden abesbatzetan maila oso altua da; ikasketa maila altuko lagunek osatzen dituzte. Hortaz, abesbatza "arrutetan" edo maila-erdiko taldeetan ez dago gazterik, eta, ondorioz, ez dago erreleborik. Horiek desagertzeko arriskua dago.
Bestalde, Uribe Kostako abesbatzen egoera aztertu nuen eta konturatu nintzen Getxon izan ezik, beste herrietan ez dagoela emakumeen abesbatzarik. Era berean, gizon gutxi gelditzen dira abesbatzaren munduan. Horregatik, Uribe Kostan emakumeentzako abesbatza bat egitea berezia izango zela pentsatu nuen.
Nori dago zuzenduta?
Niri gustatuko litzaidake belaunaldi ezberdinetako emakumeak biltzea, aberasgarriagoa izango dela uste dudalako. Bestetik, ideala izango zen musika irakurtzen jakitea. Hala ere, ez jakitekotan, entonatzen jakitea taldean izena emateko baldintza bat da.
Abestiak euskaraz izango dira?
Abesti euskaldunak lehentasuna izango dira, baina denetarik abestea da ideia. Edozein herrialdetan musika adibide ederrak daude eta horiek jasotzea ondo legoke: gaztelaniaz, latinez, ingelesez...
Aurretik abesbatza gehiago sortu dituzu. Zer da zailena prozesu honetan?
Ondo abesteak suposatzen du ahotsari etekina ateratzea, beraz, teknika jakitea ezinbestekoa da. Nik horretan sakondu dut eta asko ikasi dut urte hauetan. Jaso dut eta eman dut; bertan dago erronka.
Bestalde, abesti ezberdinak ikasi behar dituzu, baina hori era dibertigarrian ere egin daiteke. Abesbatza beti lotu da seriotasunarekin edo zaharren munduarekin. Aitzitik, egun, abesti oso ederrak eta anitzak daude: ondo pasatzeko eta disfrutatzeko aukera bat dira.
Interesa dutenek nola eman dezakete izena?
Abesbatzaren parte izan nahi dutenek 630 568 757 telefonora dei dezakete edota solikurra@gmail.com helbidera korreo bat bidali. Hala, espero dut jendea animatzea, izan ere, proiektua aurrera badoa, kulturarentzako aberatsa izango da eta ekarpen handia egingo du.