Jabeek aldez aurreko okupazioaren aurka egin dutenez, atzeratu egin da Abaroko lursailen lagapena, eta horrek, praktikan, blokeatu egin dezake Iberreko institutuaren handitzea. Abaroko lursailetan sastrakak kentzeko eta hesiak jartzeko lanak, okupazio aurreratua egiteko beharrezkoak zirenak, abenduaren bigarren hamabostaldirako programatuta zeuden; hala ere, jabeen ezezkoak Sopelarentzat hain garrantzitsua den urrats hori atzeratuko du.
Egoeraren larritasunaren aurrean, EH Bilduk, EAJk, PSEk eta Elkarrekin Sopelak, adierazpen bateratu baten bidez, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa kentzeko eskatu diote Sopelako Auzo Alternatibari: “Errekurtso hori aurkezte hutsak eskualde honen garapena geldiaraztea ekar lezake, gutxienez bi edo hiru urterako eta ondorioz Abaro inguruan Sopelako Iberre Hezkuntza Ertainetako Institutuaren handitzea, babes publikoko 490 etxebizitzen eraikuntza eta Gobela ibarraren eraztun berdearen biziberritzea kolokan jartzen dira”.
Halaber, euren "ulertezintasuna" erakutsi gura dute egoera horren aurrean, "Sopelako Auzo Alternatibako udal-hauteskundeetarako programak hitzez hitz esaten baitzuen 'Zipiriñe eta Iberre handitzeko bide guztiak babestea' eta 'babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzen laguntzea', Sopelako gainontzeko alderdi politiko zein beste eragile sozial batzuek babesten dugun bezala.
Gainera, talde politikoek era bateratuan euren gaitzespena adierazi dute geldialdi horren kaltetuak Sopelako hezkuntza publikoan ikasten ari diren ikasle guztiak izango direlako. "Egun, beren beharrei erantzuteko txiki geratu diren eraikin batzuetan baitaude eta Batxilergoko ikasketak udalerritik kanpo amaitu behar dituztelako, kaltetuak ere badira babes publikoko etxebizitza bat eskuratzeko aukera zuten pertsona guztiak, Abaron 490 eraikitzea aurreikusita baitzegoen eta gure ingurugiroaren hobekuntza nahi dugun herritar guztiok. Ez dugu ulertzen nork izan dezakeen onura administrazioarekiko auzi honekin".
Horregatik, talde politikoek errekurtsoa kentzeko eskatu dute aho batez, eta Sopelako herritarrei gogorarazi die prozesu horretan emandako jarraibideak: "Udalak emandako urratsek gehiengo argia dute (aldeko 16 boto eta kontrako 1), Abaroko lurren jabeen % 100en onarpena dute eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailarekin sinatutako akordio batean oinarritzen dira".