Sopelako Udalbatzako alderdi guztiek babestu dute metroaren maiztasuna handitzea eskatzeko mozioa

Erredakzioa 2024ko mar. 28a, 09:00

Metro Bilbaori eskatu diote L1ean 13 minutuko mazitasunak bermatzea, bestea beste.

Metroaren L1 linea osoan gutxienez 13 minutuko maiztasuna bermatzeko mozioa aurkeztu dute, trenak Ibarbengoatik Plentziara maiztasun horregaz hel daitezen. Era berean, Larrabasterrarako unitateen maiztasuna 6 minutu eta 40 segundora handitzearen bideragarritasuna ebaluatzeko azterketa tekniko bat egitea eskatu dute.

Sopelako Udalak martxoak 26an egin zuen azken osoko bilkuran adostasun garrantzitsua lortu zuten herrian ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek –EH Bildu Sopela. Elkarrekin Podemos, EAJ PSE-EE eta AVS/SAA– mozio bat onartu baitzuten. Horren helburua zen Uribe Kostako metroaren maiztasuna hobetzea da eta Metro Bilbaori zein Bizkaiko Garraio Partzuergoari zuzenduta zioten.

Alderdietako ordezkariek argudiatu dutenez, Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitatea osatzen duten udalerriek hazkunde demografiko handia izan dute eta gutxi gorabehera 40.000 biztanle zituzten 2023an. Biztanleriaren hazkunde horrek, hazkunde ekonomikoagaz batera, hainbat erronkak eragin ditu mugikortasunari eta konektibitateari dagokienez, baita ingurumen-kezkak ere.

Urdulizko Ospitalea ireki berritan, inguru horretan mugikortasun eraginkorra eta iraunkorra bermatzeko beharra ere nabarmendu dute politikariek. Beraien ustez, funtsezkoa da garraio publikoaren erabilera sustatzea garraio pribatuarekiko mendekotasuna murrizteko, batez ere, krisi klimatikoaren testuinguruan. Gaineratu dute eskualdeko turismo-jarduerak presioa gehitzen diola garraio-azpiegiturari, eta horrek egoiliarren zein bisitarien beharrei erantzungo dieten mugikortasun-estrategien garrantzia azpimarratzen du.

Zentzu horretan metroaren maiztasuna hobetzeko benetako aukera aztertzeko mozioa aurkeztu dute, metroaren L1 linea osoan gutxienez 13 minutuko maiztasuna bermatzea proposatuz, unitateak Ibarbengoatik Plentziara maiztasun horrekin iristea ahalbidetuz. Era berean, Larrabasterrarako unitateen maiztasuna sei minutu eta 40 segundora handitzearen bideragarritasuna ebaluatzeko azterketa tekniko bat egitea eskatzen da, egoiliarrei zein turistei mesede egingo liekeena.

Halaber, Garraio Partzuergoari eta Metro Bilbaori eskatu diete instalazioak eta material mugikorra berritzea aurreikusten dutenean, bateragarria izan dadila inguruko geltokietako metro-maiztasunak hobetzeagaz.

Bukatzeko, azpimarratu dute Sopelako Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek aho batez emandako babesak agerian uzten duela Uribe Kostan mugikortasuna eta iraunkortasuna hobetzeko dagoen konpromisoa. Gaineratu dutenez, mozioak erakusten du garrantzitsua dela neurri zehatzak hartzea eskualdeak dituen garraio- eta ingurumen-erronkei aurre egiteko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun