Jarduerak bi dokumentalakaz hasiko dira, eta horregaz, aberastasun naturalaren esplorazioa sustatu gura dute: tokian tokikoa eta nazioartekoa. Barikuan, apirilaren 12an, arrastiko 18:30etatik aurrera, Kurtzio kultur etxean Natura Bizia proiektatuko dute, Euskal Herriko biodibertsitatean murgiltzeko bidaia. Zapatuan, ordu berean, La Senda no Marcada saioak Bizkaiko txoko ezezagun eta basatienetan murgilduko ditu herritarrak, zuzendariakaz solasaldi bat izateko aukeragaz.
Zapatuan bertan, apirilaren 13an, 19:30ean, Sopelako biodibertsitateari buruzko inbentarioa aurkeztuko du Kiribilek. Sopelako Eraztun Berdea sustatzeko konpromisoa duen erakundea den aldetik, gune horren berezko aberastasun naturala nabarmentzea da bere helburu nagusia. Domeka, apirilak 14, haurrentzat gordeta dago eta, hegaztiei buruzko Batetik Bestera Kontzertua egingo dute Kurtzio kultur etxean; bertan, hainbat espezie ezagutuko dituzte modu didaktiko, alai eta dibertigarrian.
Gainera, apirilaren 11tik 30era, Kurtzio kultur etxean, landare, onddo, hegazti eta narrastien inguruko argazki erakusketa bat egongo da ikusgai. Erakusketa hau tokiko faunaren aniztasuna erakutsiko duen bideo bategaz osatuko da, bisitari guztien esperientzia aberastuz.
Kiribile elkartetik baieztatu dute jardunaldiak oso aukera aproposa direla Sopelako ingurua ezagutzeko: "Jardunaldi hauek gure ingurune naturalaren edertasunaren eta garrantziaren leiho izango dira eta inguratzen gaituen natura ezagutzeko eta estimatzeko bidaia batean murgiltzera gonbidatzen dute komunitatea".