Elkarrizketak

Maitena Aurrekoetxea Elortegi: "Oso hunkigarria da hainbeste jende biltzea eta txistua ahazten ez dela ikustea"

Nahia Martinez Gondra 2024ko api. 23a, 16:32

Bizkaia osoko 70 txistulari elkartu ziren. © BARINATXE TXISTU TALDEA

Apirilaren 20an, aurreko zapatuan, Sopelako Barinatxe Txistu Taldeak 25 urte bete zituen. Hala, urteurrena handikiro ospatu eta txistuen artean herria festa giroan piztu zuten. Sopelako Musika Eskolako irakasle Maitena Aurrekoetxea Elortegi da taldearen sortzaile eta zuzendaria, eta bi hamarkada pasa ostean, baieztatu du Barinatxe bere "bizitza" dela.

Nolakoa izan zen Barinatxeren sorrera?

Txistu irakaslea naiz eta Barakaldotik Sopelara bizitzera mugitu nintzenean herrian txistu klaseak ematen hasi nintzen nire etxean. Horrela, denbora batera ume gehiago hartzen hasi nintzen eta elkartea sortu nuen. Beste herriakaz kolaboratzen hasi nintzen: Algorta, Plentzia, Erandio, Barakaldo... Adin guztietako kideak gaude egun; gazteenek 16 urte dituzte eta zaharrenek 70 urte inguru.

Nola aldatu da taldea urte hauetan?

Egun, hiru traje ezberdin ditugu eta beste era batzuetan antolatzen gara. Denbora luzea daramagunez batera, gazteek ere badakite euren artean planifikatzen. Musika Eskolara etortzen dira, beraz, formakuntzan jarraitzen dugu eta gure oraingo kalitatea askoz hobea da. Halere, gero eta ume gutxiago datoz: gaur egun haurrek ez dute txistua jo nahi.

© BARINATXE TXISTU TALDEA

Zergatik uste duzu ez dutela txistua ikasi nahi?

Bada, ez dakit. Uste dut ziklikoa dela. Musika Eskolan segun eta urtea jende guztiak ikasi nahi du gitarra jotzen, hurrengo urtean biolina... aldatzen doa. Baina egia da apur bat gelditu dela txistura datorren ume kopurua. Halere, hasi ginenok berton jarraitzen dugu, beraz oraindino jendea dago txistuaren munduan.

Apirilaren 20an 25 urte bete zenituzten. Nola ospatu zenuten urteurrena?

Txistulari-ibilbide bat egin genuen Larrabasterratik goizeko 10:00etan. Gero, 11:30ean Sopela osotik egin genuen ibilbidea, Bizkaia osoko 70 txistulari elkartuz. Gainera, 5 txistu baxu egon ziren, normalean ez direnak egoten, oso txistu bereziak baitira. Udaletxean alkate eta zinegotziakaz batera Barinatxeren istorioa kontatu genuen, eta gero, omenaldi bat egin genien gure elkartean 25 urte hauetan hil diren hiru lagunei. Horregaz batera, partitura bat ere jo genien plegariagaz, ekitaldi handietan jotzen den musika. Horren ostean, beste ibilbide bat egin genuen Musika Eskolara heldu arte eta bertan mokadutxo bat jan genuen, argazki erakustaldi bategaz lagunduta.

Oso pozik gaude, herriko jende asko hurbildu eta zoriondu gintuztelako. 70 txistulari ikustea jotzen kaleetatik oso zirraragarria da. Denok joan ginen urteurrenerako sortu genuen zapi bategaz, eta zuriz jantzita. Hori oso hunkigarria da.

© BARINATXE TXISTU TALDEA

Bukatzeko, zer da zuretzako Barinatxe Txistu Taldea?

Niretzako nire bizitza da. Dauden kide asko 8 urte zituztenetik ezagutzen ditut, eta egun 32 dituzte. Beraz, familia bat gara. Batzuetan pintxo-potea hartzeko elkartzen gara jende gehiagogaz batera. Orain 30 urteak betetzeko eta horiek ospatzeko prest gaude! Oso hunkigarria da hainbeste jende biltzea eta txistua ahazten ez dela ikustea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun