Zer kontatzen duzu Erreka Marin?
Material autobiografikoan oinarritutako fikzio bat da. Pertsona bakarreko pieza da non obrak berak publikoarekin eta antzezlearekin hitz egiten duen. Esperientzia estetiko bat eskaintzen du: haur heldu baten alaitasunak, berezkotasunak eta nahasmenduak zerbait hautsi diezaioke ikusleari. Era horretan, maskulinitatea, sexu-identitatea, haurren hipersexualizazioa, eskola jazarpena, tratu txarrak eta bullyinga agertzen dira gai bezala ikuskizunean zehar.
Hortaz, zure esperientzia pertsonalean oinarrituta dago.
Bai, hori da. Material autobiografikoan oinarrituta dago eta hortik abiatuta sortu genuen autofikzio bat. Bertatik jaiotzen da, baina gero lizentzia poetiko asko daude sormen bide honetan. Ni neu jartzen naiz errelatorearen erdian zalantzak galdetzeko eta oraindik erantzun ez ditudan galderak egiteko.
Nolakoa izan da prozesua?
Zuzendariarekin bazkaltzen nengoen eta nire txikitako bideo bat erakutsi nion; bideo hori zen nire Lide lagunaren urtebetetze festakoa. Lagun guztiak Lideren amaren soinekoekin mozorrotuta geunden eta ni nintzen bertan "festako erregina". Denbora osoan kameraren aurrean egon nahi nuen eta oso hipersexualizatuta agertzen nintzen. Oso imintzio sexualak egiten nituen kameraren aurrean; gaur egun umeak mugikorraren mende dauden moduan, ni garai hartan telebistaren mende nengoen zeharo. Batez ere, telebista espainolera. Orduan, Noche de Fiesta bezalako programak ikusten nituen. Horiek sistema patriarkalaren programak ziren: emakumearen irudi hipersexualitatea erakusten zuten. Bideo horrekin hasi zen guztia, nire burua analizatzen eta galdetzen ea zer zegoen horren atzean.
Jabi zuzendariari ere asko harritu zion. Salto handia zegoen imintzio ero horiek eta Lola Flores imitatzen zuen ume horretatik nire helduaroko itxura honetara. Orain, esan daiteke gizon normatibo baten itxura dudala baina txikia nintzenean ni nintzen un torbellino de colores, Lola Floresen abestiak esaten duen moduan. Horregatik, "Erreka Mari" da izenburua, ikusi genuelako istorio honen azpian Christian Andersen Sirenatxoa fabula zegoela. Sirenatxoak bere arrain isatsari uko egiten dio gizon batek maita dezan. Horregatik nik obran zehar nire buruari galdetzen diot, “Arrain isatsik gabe gelditu nahi duzu? Horrela, maita zaitzaten nahi duzu? Hemen, itsasoaren sakonean distiratsua dena zure arrain isatsa bezala, hor goian, lurrazalean, nazkagarria da”.
Nolakoa izan da zuretzako paper hau gorpuztea?
Aktore bezala oso polita da eta oso bidai eta sorkuntza ederra izan dugu. Pixkanaka-pixkanaka egin dugu bi urtetan zehar. Nahiz eta aktore bezala zailtasun askorekin topatu naizen, banekien oso ondo zer kontatu nahi nuen. Nik harreman emozional azkarra nuen kontatzen ari nintzen horrekin, beraz, alde horretatik errazagoa izan da. Baina bere zailtasunak ere baditu: azkenean oholtzan bakarrik zaude hainbat pertsonaia defendatzen eta momentu batzuetan ere zuk zure buruari ematen diozu erantzuna, hainbat pertsonaia antzezten dituzulako une berdinean. Orduan, teknikoki oso garbia izan behar zara horretarako. Ez da bakarrizketa klasiko bat, ikuskizunak osagai asko ditu: nik uste piezaren bikaintasuna dagoela pilota horiek guztiak txukun mugitzean.
Autobiografikoa izanda, erabili izan duzu obra gauza batzuk sendatzeko? Edota urruntasun batetik ikusi duzu oinarri hori?
Gure xedea ez zen sendagarria zen zerbait egitea. Distantzia dezente genuen kontatzen ari ginen horrekin. Halere, obra egitean beti da era batean ala bestean lasaigarria. Azkenean, txikia zineneko tekla batzuk mugitzen ari zara, norberak dituen beldur eta min guztiak bi gauzekin daude lotuta: aitarekin eta amarekin. Orduan, horiek sakatzea nahiko katarkikoa da. Performer batek arrisku hori hartzen du: zerbait sendatu nahi du. Nik aktore gisa istorioa hau kontatu nahi nuen. Halere, tangentzialki bai uste dudala zerbait sendatzen duela zure barruan.
Obran zehar, kontatzen duzue 90. hamarkadan jasotako bullyinga eta jazarpena, besteak beste. Garai horregaz alderatuta, nola ikusten duzu egungo gizartea?
Ez dut harreman zuzenik oraintxe bertan eskolen munduarekin. Notiziak irakurrita uste dut asko ez dugula aurreratu. Dena den, egia da gaur egun eskoletan badaudela protokolo zehatzak horrelako egoerak saihesteko eta horiei aurre egiteko. Obra honek ere heziketari kritika handia egiten dio. Baina asko aurreratu ez dugula esango nuke, oraindik ere gizartean pandemikoa den zerbait delako. Sistema patriarkalaren aginteak oso fuerteak dira eta ezin ditugu zeharkatu: etiketa guztiak, normatibitate aginteak eta disidentziaren jazarpenak. Horiei aurre egitea oso zaila da gaur egun. Asko eskertzen dut egun dauden protokoloak, baina eskolez aparte gaur egungo belaunaldi berriek dituzten erreferenteak normatibitatearen adierazleak dira. Gizarteko aniztasuna ez badugu gehiago eramaten arte eszenikoetara, sare-sozialetara, telebistara, liburuetara eta publizitatera ez dugu askoz gehiago aurreratuko.
Zer esango zenioke zure haurtzaroko Egoitzi?
Esango nioke obra hau berarentzako eta berarengatik sortu dudala, Erreka Mari ikuskizunean zehar esaten dudan bezala, "zerbaiten falta sumatzen dudalako sakonki, ezaguna egiten zaizun baina zer den ez dakizun horren falta sumatzen duzunean bezala". Esango nioke ez dela bere arrai isatsik gabe gelditu behar. Eta nire arrain isatsari momentu askotan zehar uko egin diodala eta hori zaindu nahi dudala, nire arrain isatsa berea ere delako. Biok daukagu esentzia berdina.