Sopelako Udalak bilera deitu du BPXport enpresaren eta ELA eta LAB sindikatuakaz, ekaineko kiroldegietako grebak direla eta

Nahia Martinez Gondra 2024ko eka. 5a, 14:12

Sopelako kiroldegiko langileek mobilizazioakaz jarraitzea erabaki dute, hitzarmen propio baten bidez beraien lan-baldintzak hobetzeko. © SOPELAKO UDALA

Sopelako kiroldegiko ELA eta LAB sindikatuek greba deitu dute ekainaren 10etik 30era, hitzarmen propioa lortzeko helburuagaz. Hala, Sopelako Udalak beharrezkotzat jo du enpresaren eta sindikatuen arteko akordioa sustatzea, kosta ahala kosta kiroldegia ekainean itxi ez dadin. Horregatik, Udalak bilera bat deitu du enpresaren eta sindikatuen artean, bere kezka adierazi eta alde guztien aldeko akordioa lortu behar dutela jakinarazteko.

Sindikatuek greba deialdi hori formalki jakinarazi diote Sopelako Udalari. Aurretik, patronalak eta sindikatuek aurreakordio bat adostu zuten Bizkairako hitzarmen berri bat egiteko. Hala ere, Sopelako kiroldegiko langileek mobilizazioakaz jarraitzea erabaki dute, hitzarmen propio baten bidez beraien lan-baldintzak hobetzeko.

Udalak nabarmendu du Sopelako kiroldegia "oso zerbitzu garrantzitsua" dela herritarren osasunerako, aisialdirako, hezkuntzarako eta ongizaterako. BPXport enpresagaz egindako kontratua zerbitzuaren kudeaketa integralaren lagapen bat da. Enpresak bere gain hartzen du jardueraren erantzukizun eta arrisku guztia, eta, beraz, Udalak ez du inolako eskumenik enpresaren eta langileen arteko lan-harremanean. Hala ere, Udalak beharrezkoa ikusten du bi aldeen arteko hurbilketa bat erraztea, akordio baikor batera irits daitezen eta, horrela, kiroldegia ekainean itxi ez dadin.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun