Trabatutak filmeko kideek azaldu bezala, Gorka Granado sopeloztarrari okurritu zitzaion hasierako ideia, berak idatzi baitzuen gidoia 2023ko abenduan. Hala, hori errealitate bihurtzeko erronka hartu eta euskaraz sortutako lehen film labur musikala ekoitzi dute. Nabarmendu dute "ilusioa izugarria" sentitu dutela lehenengo momentutik. "Aktore profesionalekin lan egiteko aukera izan dugu eta benetan esperientzia ederra izan da. Hemen gure bost protagonisten zerrenda: Algortako Asier Hormaza, Villabonako Gaizka Sarasua, Lekeitioko Miren Gojenola, Gasteizko Silvia Larrauri eta Bilboko Josu Iriarte", azaldu dute sortzaileek.
Generoari dagokionez, ziurtatu dute musikala izateak askatasuna eman diela "zentzu guztietan": "Surrealismoarekin jolasteko aukera izan dugu eta errealitatetik ateratzeko ez dugu oztoporik izan. Ikusleak zerbait berezia ikusiko du, beste mundu bat". Gainera, umoreagaz ere jolastu dute, helduagoentzako film labur bat sortuz. "Umeentzako musikalak badaudela ikusi dugu, eta helduentzako eskaintzan gabezia sumatu dugu, beraz, bide horretatik joan gara".
Hala, duela hiru egun jarri zuten martxan crowdfunding kanpaina, modu horretan, musikalaren sorkuntza gastuak kubritzeko helburuagaz. "Hilabete bat dugu aurretik, beraz, oraindik jendeak badu aukera parte hartzeko eta bere ekarpena egiteko".
SINOPSIA:
Publizitate enpresa bateko bost langile igogailuan trabaturik geratu dira. Inoiz baino elkartuago daude. Zentzu guztietan. Batzuk ez dira apenas ezagutzen eta beste batzuek, aldiz, bata bestearen inguruan dena dakite. Edo hori pentsatuko dute behintzat. Izan ere, trapu zahar guztiak agerian geratuko dira musikalen bidez. Tenperaturak gora egingo du eta bulegoaren txutxu-mutxuek irakiten bukatuko dute. Nola lortuko dute langileek igogailutik ateratzea, lortzen baldin badute? Helduentzako musikal honek, protagonisten bizitzetan murgiltzera gonbidatuko zaitu.