Sopelako kiroldegiko greba uztailera arte luzatu da

Nahia Martinez Gondra 2024ko uzt. 2a, 16:40

Sopelako kiroldegia. © GOOGLE

Sopelako Kiroldegiko langileen greba uztailera arte luzatuko da, sindikatuek eta enpresak ez dutelako akordiorik lortu. Orain arte hiru bilera egin dituzte alderdiek, azkena astelehen honetan bertan, uztailaren 1ean. Beste bilera bat aurreikusi dute aste-akaburako. Horrela, enpresaren eta sindikatuen arteko harremanak areagotu egin dira, alde guztien aldeko akordioa lortzeko eta, horrela, kiroldegia uztailean ere ixtea saihesteko.

Sopelako kiroldegiko sindikatuek greba deitu zuten ekainaren 10etik 30era, hitzarmen propioa lortzeko helburuagaz. Aurretik, patronalak eta sindikatuek aurreakordio bat adostu zuten probintzia-mailan Bizkairako hitzarmen berri bat egiteko. Hala ere, Sopelako kiroldegiko langileek mobilizazioakaz jarraitzea erabaki zuten, probintzia-hitzarmenagaz alderatuta lan-baldintzak hobetzeko. Hitzarmen propioaren ondorioz grebak deitu zirenetik, Udalak aldeen arteko bitartekotza egiteko konpromisoa hartu du.

BPXport enpresagaz egindako kontratua kudeaketa integralaren lagapen bat da. Enpresak bere gain hartzen du jardueraren erantzukizun eta arrisku guztia, eta, beraz, Udalak ez du inolako eskumenik enpresaren eta langileen arteko lan-harremanean. Hala ere, Sopelako Udalak jakinarazi du beharrezkoa ikusten duela hurbilketa bat bultzatzen jarraitzea, "bi aldeak aldeko akordio batera irits daitezen eta, horrela, kiroldegia denbora gehiagoz itxi ez dadin".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun