Sopelako kiroldegiko langileen greba babestu duen ELA sindikatuak eta BPXport Sopela S.L. enpresak udalerriko kirol-instalazioetarako akordioa lortu dutela iragarri dute. Horri esker, lanaldia murriztuko diete eta 2027ko urtarriletik aurrera 1.592 orduko lanaldia izango dute.
Horrez gain, 15 orduko baimen ordaindua ere izango dute aurrerantzean medikuarengana joateko, ordaindutako norberaren gauzetarako egun bat eta domeketako plusa, hau da, akordioa sinatzen denetik aurrera lan egindako igande bakoitzeko 10 euro gehiago ordainduko diete. Era berean, klaseak prestatzeko plusa eta jaiegunetako plusa hobetzea ere lortu dute eta lanpostu hutsak betetzeko irizpideak adostu dituzte. Garraio plus berri bat ere sortu dute 20 kilometro edo 30 minutuko distantzia egin behar duten beharginentzat.
Sindikatutik gaineratu dutenez, horri esker ekainaren 7an UGT, LAB eta CCOO sindikatuek eta patronalak sinatutako lan-hitzarmena hobetzea lortu dute, Sopelako kiroldegiko 51 langileek burututako 42 eguneko grebaren ostean.
Halaber, gogoratu dute Bermeo, Elorrio, Derio eta Leioako kiroldegiek ere akordioa lortu zutela baldintza sektorialak hobetzeko, eta Sopelakoa bosgarren akordioa dela sektoreko hitzarmena sinatu zenetik. Bestetik, Barakaldoko eta Bilboko kiroldegietan greban jarraitzen dute, Bermeon, Elorrion, Derion, Leioan eta Sopelan bezala, akordioa lortzeko.