Txosna Batzordeagaz "komunikazioa estutzeko" konpromisoa hartuko du Sopelako Udalak

Nahia Martinez Gondra 2024ko ira. 16a, 12:00

Jaietako Ordenantzaren berrikuspena baloratzeko beharra ikusi du Udalak.

Joan den astean, Sopelako Txosna Batzordeak deitoratu zuen Udalak ez ziela txosnetako fidantza bueltatu. Horregatik, bilera bat egin zuten jazotakoa argitzeko. Hala, Udalak azaldu du txosten teknikoak zehazten duela Jaietako Ordenantza urratu dela eta behartuta dagoela prozeduragaz jarraitzera. Halere, nabarmendu du inplikatua dagoen taldeak helegitea jartzeko aukera duela, fidantza ez bueltatzea "Jaietako Ordenantza ez betetzearen balizko ondorioa delako". Gainera, Jaietako Ordenantzaren berrikuspena baloratzeko beharra eta Txosna Batzordeagaz komunikazioa estutzeko konpromisoa hartu du Udalak.

Udal gobernuko kideek Txosna Batzordeari adierazi diote haiek ezin dutela txosten tekniko baten prozeduran eragin, hori araututa dagoelako: "Kontrakoa egitea prebarikazio delitua egitea litzateke". Hala, nabarmendu du udal gobernuak Txosna Batzordearen lana eskertzen duela eta beragaz lankidetzan jarraitu gura duela.

Horregatik, gertatutakoa eta gero, argi du Jaietako Ordenantzaren berrikuspena baloratzeko beharra, "Txosna Batzordearen ekarpenak ez ezik, Sopelako bizilagunenak ere kontuan hartuta". Halaber, konpromisoa hartu du txosna kideakaz komunikazioa estutzeko, "egindako bileraren kasuan bezala, bien arteko harremana modu eraginkorragoan eta arinagoan gerta dadin".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun