Zer sentitu zenuen finala etxean irabazi zenuenean?
Sekulako poza izan zen. Txapelketa garrantzitsua bilakatu da, batez ere EITBk partiduak zuzenean ematen dituenetik, eta nire herrian hori lortzea eta etxekoei eskaini ahal izatea sekulakoa izan da. Orain arte jokatu dugun txapelketarik garrantzitsuena izan dela esango nuke, bai frontoira joan den zaleen kopuruagatik, bai antolakuntzagatik ere. Astero frontoia 400 pertsonarekin betetzea izugarria izan da, hori ez dugu bizi izan orain arte.
Beraz, nabaritzen da instituzioetatik eta enpresetatik egiten ari diren ahalegina?
Ekonomikoki ez nuke jakingo esaten zeintzuk diren diru-laguntzak, baina bai nabaritu dugula EITBren konpromisoa txapelketa honekin, astero promozionatzen egon direlako; azken finean, telebistan agertzen dena da jendeari heltzen zaiona; hor dago gakoa.
Frontoiko DNA. "Afizionatu-mailan ezker paretan eskuz, trinketean, larruzko palan eta one wall-ean aritu naiz. Frontoia daukat DNAn, eta afizionatuetan nengoenean guztiak probatu nahi nituen. Pala profesionalean debutatzeko aukera izan nuenean, beste lehiaketak utzi behar izan nituen eta palarekin geratu"
Nolakoa izan da finalera heltzeko ligaxka?
Maila oso altua egon da, partiduak oso zailak izan dira, denak erabaki baitira azken jokoan eta finalean hori ere gertatu zen: gu galtzen hasi ginen eta beraiek sekulako maila erakutsi zuten, bai Ibaik atzean defendatzen, bai Estebanek aurrean jokaldiak bukatzen. Guk buru-belarri jarraitu genuen gure jokoari abiadura emanez, eta, azkenean, kostata, baina aurrea hartzea lortu genuen. Oso partida polita eta gogorra izan zen, eta horrek finalei zapore oso ona ematen die.
Lehen aldiz jokatu duzu Maldonadogaz batera?
Lehen aldia izan da, bai, eta oso gustura egon naiz. Lehen egunetik harremana oso ona izan da eta momentu txarretan elkarri animatu diogu; horrek eragina izan du azken emaitzan. Bera argentinarra da, han trinketak sekulako ospea dauka; izan ere, maila altueneko jokalariak hangoak dira. Batzuk ezker paretara pasatu dira eta horretan ere sekulako maila dute; horien artean daude Pablo Fusto eta Roman Maldonado.
Sopelako harrobia nolakoa da?
Arratsaldeetan entrenatzaile aritzen naiz Sopelako frontoian eta sekulako harrobia dago, bai eskuz, bai palaz. Neska gehiago ere ari dira sartzen eta ikusi da gure txapelketarekin herrian zaletasun asko dagoela. Hori zaindu egin behar dugun gauza bat dela pentsatzen dut.
Zure hurrengo txapelketa?
Datorren astean liga hasiko dugu, Bizkaia frontoian jokatuko dena, eta abendura arte jokatuko dugu. Helburua disfrutatzea izango da, eta, ahal bada, finalera heltzea eta txapela irabaztea.