Sopeloztarrek herria hobetzeko proposamenak bozkatu ahal izango dituzte urriaren 31ra arte

Nahia Martinez Gondra 2024ko urr. 15a, 10:12

Udalak gogorarazi du bozka baliozkoa izateko derrigorrez 5 proiektu aukeratu behar direla.

Azken fasean sartu da Sopelako aurrekontu parte-hartzaileen prozesua: urriaren 31ra arte, bozkatu ahal izango dute herritarrek. Horretarako, 16 urtetik gorako herritarrek 23 proiektuen artean 5 aukeratu ahal izango dituzte, online zein udal eraikin desberdinetan jarriko diren hautetsontzietan. Horrez gain, 9 urtetik gorako adingabeek ere herriko ikastetxeetan bozkatu ahal izango dute, Zipiriñen, Iberren zein Ander Deuna Ikastolan.

Sopelako aurrekontu parte-hartzaileen prozesua 2024ko maiatzean abiatu zuen Udalak, horretarako 200.000 euroko zuzkidura onartuz. Ekainaren 11tik uztailaren 8ra bitartean, herritarrek Udalari aurrekontuetan sartzeko proposamenak egiteko tartea ireki zen. Proposamenak bide desberdinetatik egin dira: bi auzo bileretan, online bidez, aurrez aurre hainbat lekutan jarritako postontzien bidez, Zipiriñen, Iberren eta Ikastolan, ludotekan eta gaztelekuan egindako saioen bidez ere bai. Guztira, 576 proposamen egin dituzte sopeloztarrek.

Ondoren, abuztuan zehar proposamen guzti horien balorazio tekniko eta ekonomikoa egin zuten udaleko teknikariek, 50 proiektuk aurrera eginez. Irailaren bigarren astean, ordea, herriko eragileen ordezkariez osatutako Berme Batzordeak 23 proiektu lehenetsi zituzten, honako irizpide hauen arabera: (1) Herritarren irisgarritasuna bermatzea. (2) Herri izaera, euskal kultura, hizkuntza eta nortasuna bultzatuko duten proposamenak izatea. (3) Ingurugiroa eta ingurumena zainduko dituzten proposamenak izatea.

Udalak gogorarazi du bozka baliozkoa izateko derrigorrez 5 proiektu aukeratu behar direla. Informazio guztia webgunean dago eskuragarri, hemen sakatuta.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun