Barinatxeko arrapala erabilgarri dago, Sopelako Udalak konpondu ostean

Nahia Martinez Gondra 2024ko urr. 28a, 13:16

© SOPELAKO UDALA

Sopelako Udalak amaitu ditu Barinatxeko hondartzan modu subsidiarioan egindako lanak. 2023ko abenduan luizia jazo zen hondartzara jaisteko sarbidean. Bertako ezponda behin-behinean ziurtatu ostean, Udalak lur-jausiaren hondarrak kendu zituen, larrialdietako eta garbiketako ibilgailuak hareatzara sartu ahal izateko. Eta bigarren fasean ezponda finkatu arte itxita mantendu da arrapala, eta Ppasa den aste-akabuan hesiak kendu dituzte. Arrapala oinezkoentzat eta larrialdietako ibilgailuentzat soilik egongo da zabalik.

Orain arteko lanak, bai lehena bai bigarren hau, Kosta Mugapeari zegokion egitea lanak. Kosta Mugapeak idatziz adierazi zion Udalari lanen lehen zatia burutuz gero, erakundeak berak hartuko zuela bigarren zatia egitearen ardura, baina ez da horrelakorik gertatu. Egoeraren aurrean, eta herritarren kezka nabariari irtenbidea emateko, udalak lana egitea erabaki zuen. Horrez gain, Udalak lan horien kostuen errekerimendua egin du.

Mikel Tapia Hirigintza zinegotziak adierazi duenez, berri "ona" da arrapala zabalik egotea. "Ez da lan erraza izan, oztopo ugari izan baititugu eta subsidiarioki lan egitea egokitu zaigu, baina garrantzitsuena arrapala bertatik igaro behar direnen
segurtasuna bermatuta zabaltzea zen. Orain beste prozesu bat zabaltzen da, Kosta Mugapearekin hitz egin beharrekoa, baina herritarrek azkenean badute arrapala zabalik”.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun