Bilera horretan izan ziren Zipiriñe eta Iberre guraso elkarteetako ordezkariak, Unai del Burgo alkateordea eta EH Bilduk eta Elkarrekin Sopelak osatzen duten udal-gobernuaren bozeramailea, eta Amaia Guenetxea EAJko zinegotzi liberatua. Eusko Jaurlaritzaren izenean, Iñaki Orbe Hezkuntzako lurralde ordezkaria eta hezkuntza azpiegituretako teknikariak izan ziren.
Bertan, Hezkuntza Saileko ordezkariek Iberre institutua handitzeko aurreproiektuaren diseinuan egindako aurrerapenen berri eman zieten; izan ere, apirilaren 24ko aurreko bileran, Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartu zuen Iberre eta Zipiriñerako adostutako azpiegitura berrien eraikuntza proiektuen idazketa lizitatzeko kontratu-agiriak prestatzen hasteko. Hala, Hezkuntza Saileko teknikariak Iberren batxilergoa hartuko duten instalazio berrien “lehen ideiak” finkatzen hasi dira, hau da, eraikin berriaren lehen zirriborro edo aurreproiektu bat.
Ostean, oinarrizko proiektua lizitatuko litzatekeela jakinarazi du Sopelako Udalak, eta hezkuntza komunitatearen eta udalaren ekarpenak jaso ondoren, behin betiko proiektua diseinatu eta, azkenik, obra gauzatuko litzateke. Prozesu horrek 4 urte inguru iraungo luke.
Horregaz batera, Hezkuntza Saileko ordezkariek Zipiriñeko egungo ikastetxeko jolastokiaren estalkia zabaltzeko hurrengo lanen berri ere eman zuten; Aste Santuan hasi eta 2025eko ekitaldian zehar amaituko lirateke. Lan horiek amaituta, Eusko Jaurlaritzak Loroñoko Haur Hezkuntzako zentroa diseinatzeari ekingo lioke, une honetan Iberren egiten ari den bezala.
Balorazio positiboa
Sopelako Hezkuntza Mahaiak balorazio positiboa egin du Eusko Jaurlaritzak herriko ikastetxeen eremu beharrei erantzuteko emandako pausoez. Halaber, azpimarratu dute Hezkuntza Saileko teknikariek Iberre handitzeko aurkeztu dituzten planoek erakusten dutenez, Eusko Jaurlaritzak aurtengo apirilean hartutako konpromisoei erantzun gura diela.
Sopelako Udalaren aldetik, hurrengo urratsa Abaro eta Loroñoko lursailak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari behin betiko lagatzea izango da. Gogoratu dute da Sopelako Udalak daborduko okupatu dituela Abaro sektoreko lursailak Iberreko Institutua handitzeko, eta formalizatu duela Arau Subsidiarioen aldaketa, Loroñoko lursaila hezkuntza-erabilerarako erabili ahal izateko, Zipiriñeko haur-hezkuntzako etapak bertan egon daitezen. Beraz, partzela horiek lagatzea zailtasunik gabeko izapide izango litzateke, alde guztien borondate ona dela-eta. Udalak konpromisoa hartu du lursailen behin betiko lagapena ahalik eta denbora laburrenean gauzatzeko.
AVS/SAEn salaketa
Azkenik, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salak Sopelako Auzo Elkarteak (AVS/SAE) Abaroko Plan Partzialaren aurka jarritako salaketa helarazi dio Sopelako Udalari. Udaleko zerbitzu juridikoak eskaera horri erantzuteko lanean ari direla jakinarazi dute, eta horrek eragin negatiboa izan dezake Iberre Institutua handitzeko prozesuan, Urkoko hezegunea leheneratzeko proiektuan eta Abaro sektorean babes publikoko 490 etxebizitza inguru eraikitzeko proiektuan.