Alkatearen esanetan, gaur egun BPXportegaz duen kontratua aztertzen ari da Udala. Kontratu hori polemika handiz onartu zen aurreko legealdian, eta 15 urteko iraupena du, 5 urtera luzatzeko aukeragaz. Kontratu horren barruan, inbertsio handiak egin behar ziren, bai Abadesolon, bai Urkon. Enpresa esleipendunak inbertsioen atal hori bete ez duenez, eta irailean aldez aurretik harremanetan jarri ondoren, Udalak formalki eskatu zion BPXporti urrian inbertsio-plan alternatibo bat aurkezteko. Enpresak proposamen bat aurkeztu zuen, baina osatu gabe. Bigarren errekerimendu baten ondoren, Udalak BPXport-en behin betiko proposamena du, eta hori aztertzen ari da bideragarritasun teknikoa, ekonomikoa eta juridikoa zehazteko.
Carrassonek adierazi zuenez, abenduan aurkeztutako Kirolaren Plan Estrategikoak emandako jarraibideak betetzen ari dira. BPXporten inbertsio-plan alternatiboa bideragarria den ikusiko dute eta egungo kontratua alda daitekeen aztertzea da asmoa. Erantzuna ezezkoa bada, proposamena da kontratua bertan behera uztea bi aldeek adostuta, eta zerbitzua bermatzea beste lizitazio bat atera arte. Carrassonen arabera, “gure lehentasuna da kiroldegiak irekita jarraitzea, funtzionamendu normala bermatzea eta langileen enplegua bermatzea”. Alkateak esan zuen urtarrilean jakingo dela BPXportek proposatutako aukera bideragarria den: “Kontu handiz eta ardura handiz jokatu behar dugu, erabiltzaileen eta langileen eskubideak lehentasuna dira”.