Sopelako IAT estazioa martxan dago gaurtik aurrera

Nahia Martinez Gondra 2025ko urt. 27a, 11:48

Hitzordua aurrez eskatu gura izanez gero, jo webgunera edo deitu 946 149 021 telefonora. © SOPELAKO UDALA

Gaur goizean inauguratu dute Sopelako Ibilgailuen Azterketa Teknikoaren (IAT) estazio berria. Olabide kalea 10ean dago kokatua, Urdulizko ospitalerako irteeran dagoen industrialdean. Jose Luis Azkue Eusko Jaurlaritzako Industria Garapen eta Administraziorako zuzendaria eta Guruzne Carrasson Sopelako alkatea izan dira aurkezpenean. IATren geltoki berriak astelehenetik barikura, 07:30etik 15:00etara, emango du zerbitzua.

Egungo udal-gobernu taldea Eusko Jaurlaritzagaz harremanetan hasi zen 2024ko urtarrilean aurreko legealdian birpartzelazioaren eta eremu hori urbanizatzeko betebeharren inguruan sortutako indeterminazio egoera desblokeatzeko helburuagaz.

Industria eta Ondare Sailek konpromisoa hartu dute Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko komunikazio eta elkarlanerako bide erregular bat irekitzeko, prozesua modu egokian bideratzeko eta, horrela, beharrezkoak diren urbanizazio-lanak egitea bermatzeko. Jarduera horiek oinezkoak espaloietan zehar segurtasunez ibiltzea bermatuko du, gaur egun ez baitago horrelakorik.

Abenduan, Udalak IATren instalazioak lehenengoz okupatzeko eta erabiltzeko baimena eman zuen. Erabaki hori Eusko Jaurlaritzako Ondare Zuzendaritzari helarazi zioten bi aldeek abenduan bertan egin zuten bileran. Udalak administrazio aktibazio hori egin eta Eusko Jaurlaritzak hartutako konpromisoen ondoren, IAT geltoki berria martxan jarri da. 

Guruzne Carrasson alkateak “positibotzat” jo du instalazioa irekitzea: “Sopelan ez ezik, eskualde mailan ere aldarrikatu beharreko lorpena da gaurkoa irekitzea. Irekiera honek gertutasuna eskainiko die pertsona askori, eta Eusko Jaurlaritzak sektorearen urbanizazioa bermatzeko duen elkarlanerako jarrerarekin, Sopelatik Urdulizko Ospitalera oinezkoak igarotzea errazteko pausoak emango dira, eta hori guztiz beharrezkoa da. Aldarrikapen garrantzitsua da hori, Sopelako bizilagunek behin eta berriz adierazi dutena”. 

Instalakuntzaren ezaugarriak 

Estazio horrek ikuskapenetarako teknologiarik berriena eta digitalizazio-mailarik handiena ditu, eta, hala, bizkortasun eta segurtasun handiagoa lortuko du ikuskapen-prozesuetan. Instalazioek hiru ikuskapen-lerro izango dituzte, bi ibilgailu arinenak eta unibertsal bat, eta motozikletak ikuskatzeko box egokitu bat. IATren geltoki berriak astelehenetik barikura, 07:30etik 15:00etara, emango du zerbitzua. Hitzordua aurrez eskatu gura izanez gero, jo webgunera edo deitu 946 149 021 telefonora. Zerbitzuaren beharren arabera, ordutegi hori luzatu ahal izango da. 

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun