Zipiriñeko Eskola Kontseiluak iturria patio publikoaren kanpoaldean jartzea erabaki du, aurrekontu parte-hartzaileen prozesuak ezartzen zuen moduan

Erredakzioa 2025ko ots. 21a, 11:40

Zipiriñe ikastetxea, artxiboko irudian. © SOPELAKO UDALA

Zipiriñeko Eskolako iturriaren kokapenari buruzko zalantzen ostean, otsailaren 19an, eguaztenean, Eskola Kontseiluak erabaki zuen patio publikoaren kanpoaldean jartzea. Udaleko iturriek azpimarratu dutenez, hori bera bozkatu zuen gehiengoak Sopelako Udalak bultzatutako 2024-2025 partaidetza-aurrekontuen prozesuan.

Iturriaren kokapenaren prozesua dela-eta, Sopelako gobernu-taldeak argitu gura izan du iturria Zipiriñeko hesiaren kanpoaldean kokatzeko kostuaren zenbatekoa okerra zela lanen balorazio zuzena egin ahal izateko, eta horrez gain, iturria eskola patioan jarri zela beharrezkoa zen aurretiazko komunikaziorik egin gabe.

Eskola Kontseiluak iturria eskolan bertan jartzearen egokitasunari buruz zalantzak zituela jakitun eta prozesuan izandako gorabeherak aitortuta, gobernu-taldeak azaldu du egoera bideratu duela, "ahalik eta akordio onuragarriarena lortzeko sopeloztar guztiontzat".

Guruzne Carrasson alkatearen arabera, "garbi genuen iturriaren azken kokapena Zipiriñeko hezkuntza-komunitateak erabaki behar zuela. Zalantza guztiak argituta eta arazoak gaindituta uste dugu emaitza oso positiboa izango dela Sopelarentzat: iturri bat izango dugu hezkuntza-komunitateak adostutako lekuan, patioaren kanpoaldean, prozesu partehartzailean gehien bozkatutako beste proiektu baten aurrean, Zipiriñeko eskolarainoko bidegorri tarte berria”.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun