Sopelako Udaleko Toki Garapeneko zinegotzi Eder Garciak azaldu duenez helburua da tokiko eta eskualdeko ekoizleak laguntzea: "Egunerokotasunean gertuko produktuak kontsumitzea da xedea. Gainera, Larrabasterrako giroa indartu nahi dugu. Ikusiko dugu nola doan proiektua, baina saiakera egin nahi izan dugu". Gogora ekarri duenez, Sopelan horrelako ekintza bat egiteko saiakera egin zen duela urte batzuk, eta, horretarako, nekazariak euren artean antolatu ziren. Alabaina, ez zuen jarraikortasunik izan eta bertan behera gelditu zen. Legegintzaldi honetan, proiektu hori berriro ere suspertzeko konpromisoa hartu dute: "Jata Ondoren eta Bizkaimendiren ekintzen barnean proiektu hau zuten eta eurekin lankidetzan sortu dugu. Guk sustatzen dugu, haiek ekoizleekin harremanetan jarri dira eta eurek kudeatuko dute egunerokotasunean".
Modu horretan, xedea da zapaturo 0 kilometroko produktuen salmenta egitea. "Ortuko produktuak astero erosi behar dira orduan eskaera jarrai bat egiteko pentsatu genuen horrela planteatzea. Uste dugu Larrabasterran eta Sopelan jende nahiko dagoela eta Urgitxieta plazara hurbilduko direla".
Martxoaren 29an, hurrengo zapatuan, izango da ekimen honen inaugurazio handia. Lehen bultzada bat eman gura diotenez, taloak eskainiko dituzte, eta trikitia eta dantza plaza ere antolatu dituzte.