Sopelako jaietako kontzertuek herritar guztiak dantzan jarriko dituzte

Nahia Martinez Gondra 2025ko eka. 3a, 10:37

2024ko jaietako irudia. © SOPELAKO KUADRILLAK

Gero eta gutxiago falta da Sopelako jai handiei hasiera emateko: ekainaren 26tik 29ra izango dira Sopelako San Pedro jaiak, eta uztailaren 11tik 16ra, berriz, Larrabasterrako Karmen jaiak. Hala hamaika kontzertu txundigarrik festa giroa alaituko dute: Dupla, Los Zopilotes Txirriaos, Les Testarudes, Olatz Salvador eta Gozategi izango dira, besteak beste.

Esaera Zaharren Txapelketaren antolatzaileek botako dute pregoia aurten. Izan ere, 30 urte bete dira txapelketa lehenengoz antolatu zutenetik. Txupina, berriz, Breaking Katxi kuadrillak botako du.

Jaien baitan, musikak protagonismo nabarmena izango du. Dupla, Los Zopilotes Txirriaos, Les Testarudes, Akatz, Albina Stardust, Kuttune, Gildas, Hot Tubes, Kresala eta Bidean taldeak igoko dira oholtza gainera. Kontzertuetatik harago, baina, askotariko eskaintza zabala egongo da: herri bazkaria, bertsoak, umeentzako jarduerak, nagusien bazkaria eta kuadrillen arteko lehiaketa egingo dituzte, beste kontu askoren artean.

Eskertuta agertu da Itziar Lazaro Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzia: “Jai Batzordea osatzen duten eragile, elkarte eta norbanako bakoitzari eskerrak eman nahi dizkiegu, haien lanari esker, adin guztietarako egitarau oparoa izaten dugulako urtero. Berdintasunean eta errespetuan oinarritutako jai askeak nahi ditugu”.

Larrabasterrako jaiak ere martxan

San Pedro jaiak amaitu ostean, Larrabasterrako Karmen jaiak etorriko dira segidan: uztailaren 11tik 16ra egingo dituzte aurten. Sopelako Lagun Artea eta Urepel abesbatzak izango dira aurtengo pregoilariak. 20. urteurrena bete du aurten Lagun Arteak; eta 10. urteurrena, berriz, Urepelek. Kontzertuei dagokienez, Gozategi, Olatz Salvador, Nonbait, Maneras de Vivir eta CovBeers taldeak izango dira.

Kartel lehiaketaren irabazleak

Javier Martinez Garaialdek diseinatu du aurtengo jaietako kartela. Herriko egilearen aitortza, berriz, Jesus Alejandro Alonso Garciari eman diote. Haurren kategorian, honako hauek izan dira sarituak: Maren Elordui Loizaga (4-7 urtekoen kategorian), Oihana Elordui Loizaga (8-10 urtekoetan), Aine de Miguel Crespo (11-14 urtekoetan) eta June Laiseko Esteban (15-18 urtekoetan).

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun