Elkarrizketak

Sopelako Kuadrillak Taldea: "Poliziaren presentzia areagotzeak ez du bermatzen jaiak seguruagoak izatea"

Nahia Martinez Gondra 2025ko eka. 3a, 12:32

2024ko Kuadrilla Lehiaketako irabazleak. © SOPELAKO KUADRILLAK

Usaintzen duzu? Daborduko Sopelako jaien lurrina nabari daiteke! Hona hemen festetan egongo diren kontzertuen izenak. Gainera, Sopelako Kuadrillak taldeak 2025eko jai hauetako aurrerapen bat ekarri digute, hemen euren egitarau osoa aurkituko duzu. Prestatu festetako arropa! 

Gutxi barru Sopelako jaiak ospatuko dituzue herrian. Sorpresaren bat antolatu duzue Sopelako Kuadrillak taldetik?

Sopelako jaiei begira urtero ohikoak izaten diren jarduerak antolatu ditugu, kuadrillen zuzeneko parte-hartzea, inplikazioa eta protagonismoa bilatzen dutenak: kuadrillen jaitsiera, tortilla eta sangria txapelketa edo irrintzi txapelketa, besteak beste. Egia da aurten nobedade batekin gatozela: kuadrillen jaitsieran zehar txaranga bat izango dugu gurekin. Kuadrillen ikuskizunen ostean eta txupina baino lehenago, txaranga Udaletxe Plaza girotzen egongo da. Txupina bukatu bezain pronto, kalejira egongo da txarangarekin batera txosna guneraino.

Bertan, kuadrilla guztiak bertaratzean, txosna batzordearen pregoia eta txosnen irekiera izango ditugu. Jarduera honekin txupinaren giroa berotzeaz gain, txosnei merezi duten garrantzia ematea bilatzen dugu.

Udako lehenengo jaiak izanda, nola sentitzen zarete?

Ilusio osoz. Kuadrillentzako urteko datarik esperoenak izaten dira. Intentsitate handiko egunak dira, aurretik eta ondoren lan asko exijitzen dutenak. Hala ere, horrelako egunek fruitu onak ematen dituzte: modu kolektiboan disfrutatzeko aukera emateaz gain herria indartu egiten da.  Horrenbestez, ilusio askoz eta ardura handiarekin sentitzen gara.

Sopelako jaiak bereziak direla esango zenukete?

Baietz esango genuke, uda hasierako jaiak izateaz gain atzean dagoen lan guztia herritik eta herriarentzako egiten delako. Sopelako jaiak jai-batzordean gauden kolektibook eramaten ditugu aurrera. Urte bukaeran, astero biltzen hasten gara eta buru belarri jartzen gara datozen jaietako prestakuntzan. Modu horretan, herriaren inplikazioa ezinbestekoa da jaiak aurrera eraman ahal izateko. Uste dugu Sopelako jaiei izaera herrikoi horrek berezitasuna ematen diela. Horregatik beti jaien aldarrikapena honakoa da: jai herrikoiak, parekideak, parte-hartzaileak eta euskaldunak!

Hortaz, aldarrikapenerako unea izango duzue?

Noski. Kuadrillen jaitsieran, txosna batzordeetako pregoiak, txosnetako apainketa... aldarrikapenez beteko dugu. Aurrekoaz aparte, jaietako osteguna egun feminista izango da, eta txosna-guneko musika talde guztiak emakumezkoek osatutako taldeak izango dira. LGTB kolektiboak bere lekua izango du ere, eta ostiralean egongo den kontzertu nagusietako batek ikusgarritasuna emango dio.  Aprobetxatu nahiko genuke esateko Ticket BAI edo BATUZ delako sistemek txosnen izaera eta biziraupena arriskuan jartzen dutela. Txosnen kontrako eraso baten aurrean gaude, eta ezin dugu beste alde batera begiratu. 

Kuadrilla Egunean eraso bat jasan zuen kide batek. Nola bizi zenuten? 

Egia esateko Kuadrilla Egunean eman zen ezbeharra kasu isolatu bat izan zen. Eraso onartezina izan zen, eta bere momentuan esan genuen bezala, gure jai ereduan edozein motatako indarkeri zein errespetu faltek ez daukate lekurik. Berresten gara esandakoan eta, berriz ere, erasotutako lagunari elkartasuna adierazteko aprobetxatzen dugu.

Orain, uste dugu ezin dela egitate isolatu hau erabili segurtasunaren diskurtso erreakzionarioaren tranpan erortzeko. Eta, tamalez, ikusi da baten batek egoera honetatik probetxua atera nahi duela bere jarrera publikoki adieraziz. Poliziaren presentzia areagotzeak ez du bermatzen jaiak seguruagoak izatea. Horretarako errotiko lanketa bat behar da, hainbat jarrera deseraikitzea dakarrena. Horretan gureak diren baloreak sustatzea eta aldarrikatzea lagundu dezake: kuadrillen arteko harreman sanoak, kohesioa, komunitatea, herria...

Sopelako jaietan gure baloreak sustatzen jarraituko ditugu. Horretaz gain, eraso matxista zein LGTBfobikoen kontrako protokoloa martxan jarriko dugu. Horretarako zuzeneko harremanean gaude Sugarri talde feministarekin, haiek izan baitira esparru honetan lan guztia egin dutenak eta protokoloa garatu dutenak. Aprobetxatu nahiko genuke hemendik haien lanari aitortza publikoa egiteko, jai seguruak bermatzeko ezinbestekoa baita haien lan militantea.

EGITARAUA

Ekainak 26, eguena
  • 19:00 Kuadrillen jaitsiera eta kalejira txarangagaz. Ostean, kuadrillen ikuskizunak.
  • 21:00 Pregoia eta txupina. Ostean kalejira txarangagaz txosnetaraino.
  • 21:30 Txosna Batzordearen pregoia eta txosnen irekiera. Txosnen apainketa lehiaketa irekieragaz batera.
  • 22:00 Kontzertuak.
Ekainak 27, barikua
  • 14:30 Tortilla eta sangria txapelketa txosnetan (16:00etan aurkeztu).
  • 18:30 Irrintzi txapelketa.
  • 20:00 Poteo musikatua.
Ekainak 28, zapatua Egun tematikoa (gaia erabakitzeke)
  • 14:30 Herri-bazkaria.
  • 15:30 Bazkaloste musikatua.
  • 18:00 Kuadrillen jolasak.
  • 20:00 Elektrotxaranga.
  • 22:00 Kontzertuak.
Ekainak 29, domeka
  • 12:00 Paella txapelketa.
  • 17:00 Kuadrillen jolasak berdegunean.
  • 20:00 Kuadrillen arteko trivial txapelketaren sari-banaketa.
  • 22:00 Jaiei agur esateko erromeria.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun