Inoiz baino intonatuago botako dute aurten Karmengo jaietako txupina!

Nahia Martinez Gondra 2025ko uzt. 10a, 12:33

Goian, Lagun Artea abesbatza; behean, Urepel abesbatza.

Urepel eta Lagun Artea abesbatzek irakurriko dute aurten Karmengo jaietako pregoia. Hala, euren ibilbidearen errepasoa egiteko parada izan dugu, betiere kanta eta doinu intonatuen artean. Gainera, euren urteurrenak ospatu dituzte aurten: Urepelek, 10 urte bete ditu; eta Lagun Arteak, 20. Hala, bi taldeek nabarmendu dute benetan "harro" sentitzen direla jaien hasiera iragartzeko aukeragatik eta eskerrak eman dizkiete herritarrei, jai-batzordeari eta udal-agintariei.

Urte hauetan, askotarikoak izan dira kantatu eta gozatu dituzten kantak. Urepel abesbatzak azaldu duenez, euren errepertorioa askotarikoa da eta uneoro aberastuz doa: "Musika estilo guztietako 150 obra baino gehiago ditugu gaur egun, erlijio-musikatik hasi eta etnikora arte, eta Erdi Aroko musikatik hasi eta modernoenera arte. Baina hori bai, Euskal Herriko musikari beti arreta berezia eskaintzen diogu". Euren abesti mitikoenengatik galdetzean, Lau teilatu, Itsasoa gara, Katalintxu, Makil dantza, Maria Maialen eta Kantu bat aipatu dituzte. 

Baina guztien gainetik arrakastatsuena Aldapeko sagarraren abestiaren bertsioa dela azpimarratu dute. "Interpretatzean primeran gozatzen dugu, eta hori publikoari transmititzen zaio". Bestalde, Lagun Arteako errepertorioa ere nahiko zabala da, eta abestirik ohikoenak euskal folkloreari lotutakoak direla baieztatu dute. Halaber, habanerak, opera zatiak, zarzuelak eta Italiako herri abesti batzuk ere kantatzen dituzte.

Abesbatza batean egoteak gauza positibo andana dituela seinalatu dute Urepeleko kideek: "Adituek diotenez, onura ugari eskaintzen ditu: osasun-mentala hobetzen du, estresa eta antsietatea murrizten dituelako. Gaitasun musikalak, pertsonalak eta sozialak garatzen laguntzen du eta norberarengan konfiantza areagotzen du. Batez ere, entzuteko gaitasuna hobetzen du eta talde-lana sustatzen du. Korista bakoitzak, bere konpromiso pertsonalaz gain, konpromiso bat du taldearekin. Koruaren korda batek soinu ona ez badu, koruak ez du soinu onik izango. Hori gertatzen denean, denon artean saiatzen gara konpontzen, dedikazio eta esfortzu handia eskainiz. Errefortzu-saioak ere antolatzen ditugu. Onena da egindako ahalegin horrek merezi duela".

Ildo beretik, Lagun Arteakoek adierazi dute, euren izenak ondo adierazten duen bezala, abesbatza batean egotearen onena dela "laguntasunari ematen zaion garrantzia, armonia eta zahartze aktiboa". Beraz, abesbatza biek Sopelako Karmengo jaietarako euren eztarriak ondo prestatu beharko dituzte, festa egun intentsuak esperoan dituztelako-eta. Daborduko horretarako berotzen hasi dira!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun