Sopelako Udalak Abaroko lurrak laga dizkio Hezkuntza Sailari, Batxilergoko eraikin berria egiteko

Ander Zarraga 2025ko abu. 1a, 10:29

Sopelako Abaroko zonaldearen ikuspegia, artxiboko irudian.

Sopelako hezkuntza-eskaintza publikoaren zabalkundea beste urrats erabakigarri bat eman du. Uztailaren 29ko Osoko Bilkuran, Udalak Abaroko lursailen behin betiko lagapena onartu zuen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari, Batxilergoko eraikin berri bat eraikitzeko helburuagaz.

Uztailaren 29an egindako uztaileko osoko bilkuran, Sopelako Udalak aho batez onartu zuen Abaroko lursailak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren esku uztea. Lursail horietan Batxilergoko ikasleentzat eraikin berria egingo dute, egungo IES Sopela BHIren ondoan.

2024ko otsailean hasi zen prozesu horretan, Sopelako Udalak lurrak zuzenean okupatu zituen lur horiek, haien jabeakaz okupazio aktak sinatu ostean. 2025eko martxoan, Sopelako Udalbatzak asmoen adierazpena onartu zuen, lagapena ahalik eta epe laburrenean gauzatzeko konpromisoa hartuz. Azaldu dutenez, azken hilabeteetan, beharrezko izapideak egin dituzte Jabetza Erregistroan, eta uztailaren 29an egindako Osoko Bilkuran, lursailen behin betiko lagapena onartu zen.

Abaroko lurrakaz batera, aurrez Loroñoko lursailaren lagapena ere formalizatu zuen Udalak, 2025eko urtarrilean. Kasu horretan, Sopelako Hiri Antolamendurako Plan Orokorra egokitu behar izan zuten hezkuntza-erabilera berriari bide emateko.

Lagapen bi horien bitartez, Eusko Jaurlaritzak Haur Hezkuntzako (2–5 urte) ikastetxe berri bat egiteko lurzorua izango du Loroñon —Zipiriñek Lehen Hezkuntzan jarraituko du— eta Batxilergoko eraikin berria egiteko Abaroko eremuan. Azpiegitura horien egitura eta etapen banaketa Eusko Jaurlaritzak, Sopelako Udalak eta Zipiriñe eta Iberre ikastetxeen guraso elkarteek elkarregaz adostu zuten 2024ko apirilean.

Guruzne Carrasson alkatearen hitzetan, "Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean jarraituko dugu Sopelan kalitatezko hezkuntza publikoa bermatzeko, eta Zipiriñe zein Iberre ikastetxeek azken urteetan pairatu dituzten espazio-arazoak konpontzeko". Horrez gain, alkateak nabarmendu du erabaki honek "udalerriaren aldarrikapen historiko bati erantzuten diola". 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun