Udal-iturriek adierazi dutenez, araudiaren helburua aparkalekua modu egokian antolatzea eta kudeatzea da, 2014an sortu zenetik eguneratu gabe egon baita. Azaldu dutenez, azken urteetan autokarabanen turismoak gora egin du, eta, horri erantzunez, instalazioak herritarren eta turisten beharretara egokitzeko prozesuan egon dira orain arte.
Hala, ordenantza berriak denboraldi bi bereizi ditu: uztaila eta abuztua hartuko dituen goi-denboraldia eta urteko gainerako hilabeteak, eta guztira 11 plaza egongo dira autokarabanentzat urte osoan zehar. Ordenantzaren xehetasun guztiak Udalaren webgunean eta udaletxeko iragarki-taulan kontsultatu daiteke.
Udalak SD Ugeraga Kirol Elkarteagaz eta Sorbeltz Autokarabanen Euskal Elkarteagaz koordinatuta egin du lan, kontsultak eta bisitak eginez. Joan den maiatzean, egitasmoa jendaurreko erakustaldia ireki zen, eta bi ekarpen jaso ziren, baina epez kanpo aurkeztu zirenez, ezin izan zituzten horiek onartu.
Alegazioak aurkezteko epea
Ordenantza daborduko Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu dute; beraz, 30 egun balioduneko epea egongo da interesdunek alegazioak edo iradokizunak aurkezteko aukera izan dezaten. Alegaziorik aurkezten ez bada, testua behin betiko onartuko dute, Osoko Bilkurak bestelako erabakirik hartu beharrik izan gabe.
Eder Garcia Toki Garapeneko zinegotziak azpimarratu duenez, "araudi hau lehen urratsa da kirol eta turismo erabileren arteko bizikidetza bermatzeko, udalerriko gizarte eragileak kontuan hartuz eta turismo jasangarri eta errespetuzko baten alde eginez. Premia berrietara malgutasunez eta etorkizuneko ikuspegiarekin egokitzea da kontua, eta, Sopelan, gizarte-
kohesioa erraztuko duen modu arautu batean lan egiten hastea".