Plana Ikertalde aholkularitza-taldeagaz elkarlanean egin dute, eta otsailean hasi zen prozesuak inkestak, elkarrizketak eta saio parte-hartzaileak barne hartu ditu, udalerriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuetako eragileen ekarpenak jasotzeko helburuagaz.
Azken dokumentuak Sopelako ekonomiaren etorkizuneko ikuspegia eta garapen-ildo nagusiak zehazten ditu, hala nola tokiko merkataritzaren erakargarritasuna sustatzea, eskualdeko zentralitatea sendotzea, eta turismo iraunkorraren garapena bultzatzea.
Udalak abiatutako proiektu honen helburua 2030erako hiri-ekonomia lehiakorrago eta jasangarriago baterantz aurrera egitea da. Eder Garcia Sopelako Udaleko Toki Garapeneko zinegotziak azaldu duenez, "plan honek udalerriari ibilbide-orri argia ematen dio, bai merkataritzaren modernizazioari bai kontsumitzaileen behar berriei erantzuteko". Horregaz batera, nabarmendu duenez, "tokiko ekonomia biziberritzeko eta herritarren eros- eta kontsumo-ohituretara egokitzeko tresna praktikoa izango da".
Planaren behin betiko bertsioa azken ekarpenak jasotzeko eta berrikusteko fasean dago, eta aurreikusita dago 2026ko lehen hiruhilekoan martxan jartzea.