Gogoratzen duzu taula batera igo zinen lehen aldia? Zer sentitu zenuen orduan?
Taula batera igotzen zaren lehenengo aldia ahazten ez den momentu bat da, eta badakit orain esango dudana erantzun tipiko bat dirudiela, baina benetan bizitzen duzun momentu hori hitzekin bakarrik azaltzea oso zaila da. Olatu bat harrapatzen duzun momentua, esperientzia bakarra da, eta uretan zehar irrist egiten duzun une hori magikoa da. Askotan pentsatzen dugu maniobra berriak ikastea dela surfaren momentu onena, baina, egia esan, benetako magia da lehen olatu horrekin bizitzen duzuna; sentsazioak betirako buruan geratzen zaizkizu.
Hasieran itsasoak beldurra ematen zizula esan duzu inoiz. Nolakoa izan zen beldurra izatetik urarekiko maitasuna izatera igarotzeko prozesu hori?
Egia da hasieran itsasoari beldurra niola, nahiz eta orain ia arrain bat bezala ibili, beti uretan! Kar-kar-kar. Txikia nintzenean, nire aita beti taularekin sartzen zen nirekin uretara, baina nik beldur eta errespetu handia nion itsasoari. Indartsua iruditzen zitzaidan, eta ez zitzaidan batere gustatzen olatuek ematen zizkidaten bueltak eta kolpeak.
Baina dena aldatu zen hamar urte bete nituenean, nire nebarekin eta lagun batzuekin herriko surf-ikastaro batera apuntatu nintzenean. Esperientzia hura hain dibertigarria izan zen, non, hortik aurrera, surfaz gozatzen, hobetzen eta itsasoarekin konektatuta ibili naizen etengabe. Pixkanaka, itsasoa beldurrezko toki bat izatetik lasaitasun eta poz iturri bihurtu zen niretzat.
Zer rol izan du Sopelak zure historian kirolari eta pertsona gisa?
Sopelak oso rol garrantzitsua izan du nire bizitzan, bai kirolari moduan, bai pertsona moduan. Itsasoarekin guztiz konektatuta dagoen herri bat da, eta horrek txikitatik naturarekin harreman oso berezia izaten lagundu dit. Gainera, surfaren kultura oso errotuta dago hemen, eta horrek kirol honetan azkarrago murgiltzen lagundu dit.
Azken batean, Sopela itsaslabar ikusgarriz eta hondartza zoragarriz inguratuta dago, eta horietan kirol eta jarduera mota askotarikoak egin daitezke, bizimodu aktibo bat izatera bultzatuz.
Bestalde, herri txikia izanik, bere ingurune naturalak nire bizimodu mugituan lasaitasuna aurkitzen lagundu dit. Ingurune horrek eta herriaren txikitasunak barealdia eman didate beherantz nengoenean; horrek bizitza aktibo bat izatea eta, aldi berean, barrura begiratzea bultzatu dit askotan. Horrez gain, naturatik hain gertu bizitzeak gauza txikiei balio handiagoa ematen irakatsi dit.
View this post on Instagram
Europako Txapelketa irabaztea ez da ahazten. Zer gogoratzen duzu une hartaz?
Europako Txapelketako garaipen hori ez zait ahazten. Momentu horretan, urteetako lana, sakrifizioa eta ametsak etorri zitzaizkidan burura. Final horretatik asko ikasi nuen; izan ere, une batean pentsatzen hasi nintzen finala galdu egingo nuela. Baina azken lau minututan olatu on bat etorri zen, eta konfiantzaz surfeatu nuen.
Borrokan jarraitu nuen azken unera arte, eta orduan konturatu nintzen: ezin dugu ezer galdutzat eman. Garaipena buruko klik horri esker etorri zen, nire buruagan sinesten hasi nintzenean. Horrelako momentuetan ikasten duzu zein garrantzitsua den zeure buruarengan sinestea.
Eta Munduko Txapelketan, taldeka, bigarren izan zinenean?
Momentu hori oso berezia izan zen guztiontzat. Surfa kirol indibiduala da, eta nire buruarekin lehiatzera ohituta nago. Horregatik, taldeko txapelketan parte hartzea eta elkarrekin lehiatzea bestelako esperientzia izan zen.
Txapelketaren egunak gogorrak izan ziren, tentsioz eta emozioz beteta, baina horrek taldearen indarra eta batasuna are gehiago sendotu zituen. Oso polita izan zen elkarri laguntzea, elkarri bultzatzea eta ikustea nola bakoitzaren ahaleginak taldearen arrakastan islatzen ziren.
Azkenean, bizipen horiek dira geratzen direnak, eta surfari bezala beste modu batean hazteko aukera eman zidaten.
Azaroan, berriro ere, Munduko Txapelketan aritzeko aukera izango duzu, Espainiako Federazioak hala hautatuta. Zelan aurreikusten duzu lehia?
Ilusio handiz jaso dut Espainiako selekzioarekin berriz hautatua izatea; izan ere, munduko onenen aurka lehiatzea izugarrizko aukera iruditzen zait.
Urtero, Munduko Txapelketan, paddle surfaren maila gero eta handiagoa da, mundu osoko lehiakide onenak elkartzen garelako. Badakit lehia zaila eta eskakizun handikoa izango dela, baina lehiatzeko gogo handiekin nabil, nire gorputz osoan sentitzen dut ilusioa.
Munduko Txapelketa honetan egotea ez da soilik helmuga bat, amets baten jarraipena baizik. Momentu bakoitza bizitzen saiatuko naiz, nire onena emanez. Nire marka pertsonala gainditu nahi dut, eta, beraz, lehia gogor eta zirraragarria izango dela aurreikusten dut.
Garaipen bat baino gehiago hazi zaituen porrot edo esperientzia garratzik ba al dago?
Dudarik gabe, bada garaipen bat baino gehiago irakatsi didan esperientzia garratz bat. Behin munduko emaitza oso on bat lortzeko oso gertu nengoen. Nahiko ondo nenbilen surfeatzen, eta hurrengo txanda, teorikoki, erraza iruditzen zitzaidan. Horrek, ordea, konfiantza gehiegi izatera eraman ninduen, eta, aldi berean, nire buruari presio handiegia jarri nion.
Emaitzak gogor kolpatu ninduen: kanpoan geratu nintzen, eta uste nuen “egina” nuela. Hortik gogoeta handiak atera nituen; momentu horrek hazten lagundu zidan, ez soilik kirolari moduan, baizik eta pertsona moduan ere. Gaur egun, badakit ez dagoela txanda “errazik”, eta ezin dela ezer ziurtzat jo lehiaketa batean.
Azken batean, porrotak norbere burua ezagutzeko eta indartzeko aukera ematen du, eta uste dut horrelako esperientziek gaur egungo erronkei aurre egiteko prestatu nautela.

Zer izan da zailena oraindik hazten ari den kirol honetan bidea egiten?
Egia esan, ez da bide erraza izan. Paddle surfa kirol minoritarioa da, eta Euskal Herrian ez dago surflari asko kategoria honetan; erreferente gutxi izan ditut hemen. Hasieran nahiko bakarrik sentitu nintzen kirol honetan: zaila izan zen entrenatzaile egokiak aurkitzea, eta uretan ere ez zegoen emakumerik erreferente gisa.
Baina, zorionez, denborarekin kirola azkar hazi da, eta horrek aukera gehiago ekarri dizkit.
Lehiaketetan atzerrian parte hartzen hasi nintzen, eta horrek asko lagundu dit: beste herrialdeetan zegoen maila ikusteak nire motibazioa eta ikasteko gogoa indartu zituen.
Paddle surfa baino, surfa bere horretan da nagusi oraindik orain gurean. Zer alde dago batetik bestera, eta zergatik aukeratu zenuen lehenengoa?
Mota guztietako taulak erabiltzea gustatzen zait, eta bata edo bestea aukeratzea olatuen arabera izaten da. Hala ere, azkenaldian paddle surf modalitatean zentratuta nago, batez ere lehiaketaren inguruan.
Paddle surfak fisikoki askoz gehiago eskatzen du, gorputz osoa lantzen delako. Gainera, modalitate honek olatu mota guztietara egokitzeko malgutasuna ematen dit, eta hori eguneroko saioak dibertigarriagoak egiten ditu. Bestalde, arraunaren laguntzari esker maniobra erradikalagoak egiteko aukera ere badago.
Surfean beti erronka berriak bilatzera bultzatu nau, eta paddle surfak hori eman dit: aukera berriak eta trebetasun berriak garatzeko bidea.
Beraz, modalitate hau aukeratu nuen bere berezitasunengatik eta eskaintzen dizkidan aukera zabalengatik. Hala ere, biak maite ditut: bakoitzak bere edertasuna eta zailtasuna ditu, eta taula desberdinak erabiltzeak kirolean aberastasun handiagoa ematen dit.
Hasi zinenetik, nola aldatu da emakumeen egoera olatu-kiroletan?
Aldaketa handia egon da, eta oso polita izan da prozesu hori bizitzea. Lehen, emakume gutxiago geunden uretan, eta emakume erreferenteak ere askoz gutxiago ziren. Orain, ordea, emakume erreferente gehiago izateak ateak ireki ditu gero eta emakume gehiago surfean aritzera animatzeko.
Uretan emakumeen komunitatea etengabe hazten ari da, bai maila amateurrean bai profesionalean ere, eta hori oso pozgarria da. Hala ere, oraindik badaude hobetu beharreko gauza asko, baina bidea egiten ari gara, eta orain emakume gazteek badituzte ispilu gehiago non begiratu.

Hondartzak garbitzeko ekimenetan parte hartu duzu. Zerk motibatzen zaitu ingurumenaren aldeko jardueretan inplikatzera?
Itsasoa nire etxea da, eta horregatik beti sentitu dut zaindu beharreko zerbait bezala. Urtero ikusten ditut plastikoak, hondakinak eta gizakiok uzten dugun arrastoa hondartzetan; hori ikusten dudanean, benetan mugitu egiten nau aldaketa bat bilatzera. Ez dut nahi surfean aritzen naizen tokia kutsatuta egotea, ezta datorren belaunaldiarentzat hondatutako espazio bat uztea ere.
Horregatik, ingurumenaren aldeko ekimenetan parte hartzea gauza naturala iruditzen zait. Ez da moda kontu bat, baizik eta ikusten dudan errealitatearen aurrean dudan erantzukizun pertsonala.
Azken batean, natura gure aliatua da, eta berak ematen digu dugun guztia; guk ere zerbait itzuli behar diogu.
Nabaritu al duzu aldaketarik Euskal Herriko itsasoan edo hondartzetan azken urteotan?
Bai, nabariak izan dira aldaketak. Adibidez, itsasoko uraren tenperatura igo egin dela ikusi da: kostaldean, azken urteetan, ur azaleko tenperaturaren joera aldatzen ari da, eta gero eta hondakin gehiago ikusten dira gure hondartzetan.
Horrek erakusten digu naturak aldaketarako joera duela, eta guri dagokigula horren aurrean erantzun egokia izatea.
Zer erakusten dizu itsasoak zure buruari buruz?
Itsasoak pazientzia izaten irakatsi dit: olatua ez da beti iristen zuk nahi duzunean, eta itxaroten jakitea funtsezkoa da, bai uretan, bai bizitzan ere.
Itsasoa, batzuetan, gogorra eta kontrolaezina da, eta beste batzuetan, berriz, emankorra eta askatzailea. Askotan konturatu naiz neure burua hobeto ezagutzen dudala olatuetan nagoenean.
Azken batean, itsasoak orain eta hemen egoten irakasten dit.
Zer helburu dituzu datozen urteetarako?
Nire helburu nagusia da munduko zirkuituko goi mailan lehiatzen jarraitzea, eta olatu handiagoak surfeatzeko prestatzea, erronka berriak bilatzeko eta nire surf-maila beste maila batera eramateko.
Kirolaren esparrutik kanpo, ingurumen-ekimenen inguruko proiektu desberdinak martxan jarri nahi ditut, nire jardunetik harago ere eragin positibo handiagoa izateko. Bestalde, emakumeentzako surf-erretiro gehiago antolatu nahi ditut, non espazio seguruago eta erosoago batean emakumeek surfa probatzeko eta esperientzia hori bizitzeko aukera izan dezaten.
Olatuen artean eta sareetan zara ezaguna. Zer eskaintzen dizute sare sozialek? Beharrezkoa da gaur egun maila profesionalean aritzeko laguntzak-eta jasotzeko?
Sare sozialek beste leku batzuetako jendearekin konektatuta egoteko aukera ematen didate, eta beste pertsona batzuengandik inspirazioa jasotzeko aukera ere bai.
Gaur egun, sare sozialek oso paper garrantzitsua dute kirolariontzat: babesle gehienak han daude, gure profilei begira, eta hor egotea ezinbestekoa da ikusgarritasuna izateko eta babesa jasotzeko. Azken finean, gustuko dugun kirol honetan jarraitzeko, sareetan aktibo egotea beharrezkoa da.