Kurenek omenaldia egingo die Nazioen Ligan arituko diren Sopelako pala-jokalariei

Ander Zarraga 2025eko azaroaren 13a

Unax Curros, Markel Sierra eta Ibon Garate izango dira Euskal Selekzioagaz arituko diren Kureneko jokalariak. © KURENE PILOTA ELKARTEA

Kurene Pilota Elkarteak omenaldi berezia egingo die hilaren 23tik aurrera Euskal Selekzioagaz Nazioen Ligan arituko diren Unax Curros, Markel Sierra eta Ibon Garate pilotari sopeloztarrei. Ekitaldia bihar izango da, barikuan, 20:00etatik aurrera, Sopelako udal-pilotalekuan. 

Unax eta Markel hautatuak izan ziren joan den irailean Argentinako Venado Tuerton jokatutako 23 urtez azpikoen Munduko Trinkete Txapelketan, eta brontzezko domina lortu zuten paleta larruzko modalitatean, Euskal Selekzioagaz.

Beraiekaz batera, Ibon Garate ere arituko da datorren azaroaren 23tik aurrera Bilboko Bizkaia frontoian jokatuko den Nazioen Ligan, pala motzeko jokamoldean, hurrengo urtean Argentinan egingo den Munduko Txapelketarako prestaketa gisa ere balioko duena.

Bihar egingo duten omenaldiaren, bi partida berezi jokatuko dituzte: lehenik, larruz Landeta eta Alkorta (Urrutia lesioagatik baja) arituko dira Madariaga eta Ibai Perezen aurka; ondoren, Ibon Garatek eta Imanolek neurtuko dituzte indarrak Gaubeka eta Ibargarayren aurka, pala motzean. Gainera, ekitaldian zozketak egingo dituzte, Euskal Selekzioko kamiseta bat eta Frontoi tabernako Urkok eskainitako urdaiazpiko zoragarri bat barne.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun