Sopelako Udala hainbat gurasok sortutako Altxa Burua mugimendura batu da, teknologia digitalaren erabilera egokia bultzatzeko asmoz

Ander Zarraga 2025eko azaroaren 24a

Eskolan eta gazteen artean mugikorren eta Interneten gehiegizko erabileragaz larrituta dauden guraso eta irakasleak batzen ditu Altxa Burua mugimenduak.

Umeen eta nerabeen artean teknologia digitalaren erabilera egokia eta kontzientzia bultzatu gura duten hainbat gurasok sortu eta sustatu zuten taldea. Atxikimendu honek Sopelak herri hezitzaile bezala duen filosofiagaz bat egiten du, herritarren ongizateriarekiko duten konpromisoa indartuz.

Familiek zein hezkuntzako profesionalek mugikorren erabilerak eta Interneterako sarbideak gazteengan izan dezakeen inpaktuan duten kezkatik sortu zen Altxa Burua ekimena. Pixkanaka, haziz joan da, eta, gaur egun, saretzen eta elkarlanean aurrera egiten jarraitzen du, era boluntarioan, gazteen ongizatearen alde. Azpimarratzen dutenez, ebidentzia zientifikoek agerian utzi dute teknologia horien erabilerak ume eta nerabeen ongizate fisikoan, emozionalean zein sozialean eragin zuzena duela. Sopelaren kasuan, mugimendua Ander Deuna Ikastolan hasi zen, eta, haren ondotik, Zipiriñe eta Iberreko familiak batu ziren ekimenera.

Hiru ardatz nagusi ditu Altxa Buruak: batetik, seme-alabei Interneterako sarrera duten gailuak emateko unea atzeratzea eta honetan hezitzea; bestetik, ikastetxeak telefono mugikorrik gabeko arnasgune bilakatzea; eta, azkenik, gizartea sentsibilizatzea eta prestatzea, bai familiak, bai ikastetxeak, teknologia digitalaren erabilera arduratsu, osasuntsu, libre, eta ebidentzietan oinarritutakoan.

Gehiegizko digitalizazioa

Ardatz horiez gainera, mugimenduko kideek kezka azaldu dute hezkuntzan dagoen gehiegizko digitalizazioagaz, eta uste baitute beharrezkoa dela erregulazio orekatu baterantz aurrera egitea, pedagogia- eta osasun-irizpideetan oinarrituta egongo dena. Era berean, gogoratu dute ikastetxeek eta familiek norabide berean arraun egin behar dutela, gazteenen osasun eta garapen egokiaren alde.

Bide horretan, elkarlana, hausnarketa partekatua eta zubi sendoak eraikitzea gakoa dela adierazi dute, eta, familia eta ikastetxeez gain, erakundeek ere dagokien ardura beregain hartu behar dutela, erantzun irmoak emanez.

Bere aldetik, Sopelako Udalak Altxa Burua mugimenduak duen garrantzia, eta osasunean eta haur eta nerabeen garapenean duen eragin positiboa aitortu ditu. Hori dela eta, formalki atxiki zaio mugimenduari, eta bat egiten du familien, ikastetxeen eta gizarte eragileen arteko lankidetza sare hori indartzeagaz. "Erronka horri komunitate gisa heldu behar diogu. Haurren ongizatea babestea denon erantzukizuna da", azpimarratu du Guruzne Carrasson alkateak.