Abaroko plana, berriz ere epaitegietan

Izaro Garcia 2025eko abenduaren 29a

Abaron egin gura duten hirigintza-planaren irudikapena. © SOPELAKO UDALA

Sopelan etxebizitza publikoari bultzada handia emateko giltzarri izan behar zuen hirigintza-plana berriro gelditu da, Sopelako Auzo Elkarteak (SAE) kasazio-errekurtsoa aurkeztu baitu epaitegietan. Hori dela eta, berriz ere atzeratu da 490 etxebizitza publikoren eraikuntza aurreikusten duen proiektua.

Duela hilabete batzuk, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak Sopelako Udalari arrazoia eman zion, Abaroko Plan Partzialaren aurka jarritako helegitea baztertuta. Epai horrek bide ematen zion planari aurrera egiteko, baina SAEk hor ekiditu du; izan ere, kasazio-errekurtsoa erabili du, salbuespenezkoa bada ere, prozesua berriz blokeatzeko.

Marisa Gadea SAEko bozeramaile eta Udaleko zinegotzi bakarrak argi azaldu du zein den elkartearen jarrera. Bere esanetan, Abaron aurreikusitako etxebizitzak %100ean babes ofizialekoak izan beharko lirateke, eta ez gaur egun planteatutako eredua, non etxebizitzen %55 babes publikokoak diren, %20 tasatuak eta %25 salmenta librekoak. Horrez gain, Abaroko kalea mantentzea ere eskatu du. 

Udal Gobernuarentzat eta gehiengoa osatzen duten alderdi politikoentzat, ordea, Abaroko sektorea ezinbestekoa da Sopelak duen etxebizitza-premiari erantzuteko. Izan ere, herrian aurreikusita dauden etxebizitza publiko gehienak bertan kokatzen dira. Gainera, planak beste behar batzuek ere hartzen ditu barne; hala nola, Iberre institutua handitzea edo Urko ibarra zein Gobela ibaia berreskuratzeko proiektuak.

Horregatik, EH Bildu, EAJ, PSE-EE eta Elkarrekin Sopela taldeek mozio bateratua aurkeztu dute, SAEk jarritako kasazio-errekurtsoarekiko desadostasuna erakutsiz. Udaleko 17 zinegotzitik 16k babestu dute adierazpena, eta Abaroko garapena aurrera eramateko elkarlanean jarraitzeko borondatea berretsi dute.

Bien bitartean, Abaroko etorkizuna Auzitegi Gorenaren esku geratu da, eta Sopelako etxebizitza publikoaren auzia, beste behin, ziurgabetasunaren erdian.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun