Auzitegiek arrazoia eman diote Sopelako Udalari eta Abaroko hirigintza planak aurrera jarraitzen du

Ander Zarraga 2025ko urr. 1a, 16:20

Udalbatza osatzen duten gainontzeko taldeek epaitegien erabakia txalotu dute, udalerriarentzako hain garrantzitsua den proiektua desblokeatuko duelako. © SOPELAKO UDALA

Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak Sopelako Udalaren aldeko epaia eman du, eta Abaroko Plan Partzialaren aurka Sopelako Auzo Elkarteak (AVS/SAE) aurkeztutako helegitea deuseztatu du.

Udalaren aldeko epai honek Abaroko Plan Partzialaren garapena desblokeatzen du, eta babes ofizialeko 490 etxebizitza inguru eraikitzeko prozesua baimentzen du. Era berean, Iberreko Institutua handitzea Batxilergoko eraikin berria ere eraiki ahal izango da eta Larrabasterra Sopelako erdiguneagaz lotuko duen bidegorri bat eta pasabide bat ere eraikitzea baimenduko du. Gainera, Urko ibarrean eta Gobela ibaian leheneratzeko proiektuak abian jartzeko aukera ere izango Udalak

Udaleko iturriek azpimarratu dutenez, Abaroko Plan Partzialak berebiziko garrantzia du Sopelako etxebizitzaren krisiari erantzuteko: sektore horretan daude udalerrirako aurreikusitako babes ofizialeko etxebizitza gehienak, eta gabezia horrek egoera larriagotu egin du krisi hori 1999an Plangintzarako Arau Subsidiarioak onartu zirenetik.

Horrez gain, udalerriko hezkuntza zentroen leku falta larriei ere erantzuna emango dio egitasmoa, orain, Eusko Jaurlaritzak segurtasun juridiko osoagaz erabili ditzakeelako Abaroko lursailak, bertan egungo Sopela BHI handitu eta Batxilergoa eskaintzeko. Gogoratu dutenez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Loroñoko lursailak ere bere esku dituela daborduko, bertan, Haur Hezkuntzako zentro berri bat eraikitzeko.


Abaron egin gura duten hirigintza-planaren irudikapena. © SOPELAKO UDALA

Azkenik, Abaroko Plan Partzialaren garapenak herriko eragileek eta alderdi politikoek osatutako Sopelako Eraztun Berdearen kontseiluak onartutako proiektu garrantzitsuak ere ahalbidetuko dituela gaineratu dute. Besteak beste, Gobela ibaiaren eta Urko aldeko ibarren berreskurapen proiektuak.

Akordio eza

Udalak azpimarratu duenez, une oro saiatu da AVS/SAE alderdiagaz akordioak lortzen, eta errekurtsoan planteatutako gaiak konpontzeko alternatibak proposatu zituen, plan honen garapena behar baino gehiago luza ez zedin. Hala ere, Udalaren proposamenak ez dira inoiz kontuan hartu, eta, beraz, auzitegiek epaia eman arte itxarotea zen konponbiderako bide bakarra.

Azaldu dutenez, epai horren aurka, AVS/SAEk kasazio-errekurtsoa jartzeko aukera du. Errekurtso hori salbuespenezkoa da, eta 30 eguneko epean jarri beharko litzateke.

"Prozesu honek sopeloztar guztiek eta udalbatzaren gehiengoak hamarkadetan eskatu dutena atzeratu besterik ez du egin: babes publikoko etxebizitzak eta Batxilergoa Sopelan", erantsi dute azkenik Udaletik.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun