Sopelako udal-gobernuak kezka azaldu du lau auzokiderentzat eskatutako 32 urteko espetxe zigorra dela eta

Ander Zarraga 2026ko urtarrilaren 26a

32 urteko espetxe-zigorra eskatu dute Sopelako lau herritarrentzat, joko-areto baten aurkako protestak direla eta. © SOPELAKO4EKIN1

Auzipetu sopeloztarrek apustu-etxe baten inguruan ustez jazotako gertakariengatik jaso dituzte zigor-eskaera handiak, izan ere, guztira 32 urteko espetxe-zigorra eskatu diete. Udal-arduradunen ustez, neurriok neurrigabeak dira, are gehiago kontuan hartuta Fiskaltzak akusazio guztiak erretiratu dituela.

Sopelako udal-gobernuak ohar bidez adierazi duenez, eskatutako zigorrak "bereziki gogorrak" dira eta "egoera horrek ziurgabetasun pertsonal eta sozial nabarmena sortzen du auzipetuentzat zein haien familia eta euren ingurunearentzat". "Herritarrengandik hurbil dagoen erakunde publiko baten arduradunak garen heinean, udal-gobernu honek ezin du beste aldera begiratu halako prozedurek dakarten giza eta gizarte-eraginarekiko, ezta tokiko komunitatean sortzen duten kezka sozialarekiko ere", adierazi dute.

Prozedura judizialaren bilakaera gertutik jarraitzeko asmoa ere agertu du Sopelako Udalak, kaltetutako familiekiko elkartasuna eta babesa erakutsiz. "Udal-gobernu honek arduraz eta herritarrekiko gertutasunez jarraituko du kasu honen bilakaera", erantsi dute bukatzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun