Sopelako 4ekin1 plataformak manifestazioa egingo du zapatuan auzipetuei elkartasuna adierazteko

Ander Zarraga 2026ko urtarrilaren 28a

Auzipetuak izaten ari diren lau herritarren alde hainbat sopeloztarrek egindako agerraldia. © SOPELAKO 4EKIN1

Sopelako 4ekin1 plataforma herritarrak lau sopeloztarren aurkako prozesu judiziala salatu eta elkartasun dinamikagaz jarraituko du zapatuan, urtarrilaren 31n egingo duten manifestazioan. Espainiako Polizia Nazionalak 2021eko uztailean, lau herritar atxilotu ostean abiatutako auziaren ondorioz, 32 urteko espetxe zigor eskaera, zortzi urte pertsona bakoitzeko eta 112.400 euroko isuna ezarri gura dizkiete.

Plataformak azaldu du testuingurua bereziki gatazkatsua izan zela 2021 urtearen hasieran Sopelan: "Eraikitze lanetan zegoen supermerkatu baten aurkako plataforma herritarra zein joko-aretoen aurkako dinamika martxan zeuden. Eta gainera, Sopelako zenbait udaltzain eta hainbat gazteren arteko gatazka nabarmena zegoen".

"Testuinguru horretan, herri-mugimenduan aktiboki lanean ari ziren lau herritar izutu asmoz, operazio hau jarri zuten martxan. Hori inongo frogarik gabe eta modu desegokian egin zuten. Horrela, orain lau sopeloztarren bizitzak errotik baldintzatuko dituen egoera baten aurrean gaude", adierazi dute, zehaztuz herritar horiei 32 urteko espetxe-zigorra eta 112.400 euroko isuna ezarri gura dizkietela.

Egoera "larri" horren aurrean, Sopelako 4ekin1 plataformak manifestazioa deitu du zapaturako, urtarrilaren 31rako, eguerdiko 12:30ean, Sopelan, herritar horiek bizi duten egoera salatu eta babes publikoa emateko.

Azkenik, plataformak azpimarratu du antolakuntza kolektiboa eta elkartasuna funtsezkoak direla halako egoeren aurrean, eta herritarren ekarpen eta proposamenak jasotzeko prest agertu da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun