Sopelako Udalak Abaroko Plan Partzialaren aurkako kasazio errekurtsoari aurre egin dio

Ander Zarraga 2026ko otsailaren 3a

Abaron egin gura duten hirigintza-planaren irudikapena. © SOPELAKO UDALA

Sopelako Udalak formalki aurkeztu du EAEko Justizia Auzitegi Nagusian Sopelako Auzo Elkarteak (SAE) Abaroko Plan Partzialaren aurka jarritako kasazio-errekurtsoaren kontrako adierazpena. Udalak defendatu du Plan Partzialaren legezkotasuna berresten zuen epaiaren alde dagoela, eta errekurtso horrek udalerriaren garapena berriro geldiaraztea edo atzeratzea dakarrela.

Sopelako Auzo Elkarteak 2023aren amaieran jarri zuen administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Abaroko Plan Partzialaren aurka. 2025eko irailean, aldiz, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Udalari arrazoia eman zion eta Planaren legezkotasuna berretsi zuen. Epai horren aurka aurkeztu zuen SAEk kasazio-errekurtsoa abenduaren hasieran; izapidetze konplexua duen helegite horrek, udalaren esanetan, sektorearen garapen urbanistikoa geldiarazten du.

Abenduko osoko bilkuran, udal-talde guztiek —SAEko presidente eta zinegotzi bakarra izan ezik— ez zutela errekurtsoa ulertzen ezta onartzen ere adierazi zuten, eta EH Bilduk, EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Sopelak, 17 zinegotzitik 16k, Abaroko sektorearen garapena bultzatzeko elkarlanean jarraitzeko borondatea berretsi zuten.

Unai del Burgo jarduneko alkatearen hitzetan, "zer irabazi nahi da errekurtso horrekin? Gure ustez, ezer positiborik ez Sopelarentzat. SAEk sektore honen garapena geldiarazi nahi du arrazoi partikularrengatik, eta horrek kalte larria eragiten die herritarrei, babes ofizialeko etxebizitzen eraikuntza atzeratzen duelako". Alkateak azpimarratu du etxebizitza horiek “premiazkoak” direla gaur egun Sopelan, eta horregatik, Abaroko Plan Partzialaren aurkako kasazio-errekurtsoa “onartezina eta akats historikoa” dela nabarmendu du.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun