Abaro

Sopelako Auzo Elkarteak interes partikularrak lehenetsi dituela deitoratu dute EH Bilduk, Elkarrekin Sopelak, EAJk eta PSE-EEk

Nahia Martinez Gondra 2024ko eka. 5a, 13:57

Abaroko lur-sailak.

Sopelako Auzo Elkarteak (SAE) babes publikoko etxebizitzen defizita estaltzeko eta Abaro sektoreko trafiko-fluxua hobetzeko egindako eskaerak arretaz aztertu ondoren, EH Bildu, Elkarrekin Sopela, EAJ eta PSE-EE ordezkatzen dituzten zinegotziek eskaera horiek Hiri Antolamenduko Plan Orokor berriaren bidez bideratzea erabaki dute. Konponbide honek adostasun zabala du udalbatzan, 17 zinegotzietatik 16ren babesagaz. Izan ere, SAEk ez du kenduko Abaroko Plan Partzialaren kontra jarritako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa.

Hiri Antolamenduko Plan Orokor (HAPO) berria Sopelako Auzo Elkartearen (SAE) eskaerei emandako erantzun egokiena dela adierazi dute EH Bilduk, Elkarrekin Sopelak, EAJk eta PSE-EEk. Azaldu dute Hiri Antolamenduko Plan Orokor (HAPO) berria idatzi zuen taldeari eskatu zitzaiola zuzenean txertatzeko Sopelako Auzo Elkartearen eskaerak Aurrerapen Dokumentuan. HAPOa udalerri bateko hirigintza-elementurik garrantzitsuena da, eta Aurrerapen Dokumentua HAPOa aurkezteko eta onartzeko oinarria da. EH Bilduk, Elkarrekin Sopelak, EAJk eta PSE-EEk azpimarratu dute HAPOren Aurrerapen Dokumentu honek agerian uzten duela negoziazio prozesu honetan egindako ahalegina eta izandako seriotasuna.

Hala, nabarmendu dute Abaro desblokeatzeko akordiora batera heltzeak "berebiziko garrantzia" zuela, hezkuntza, etxebizitza eta ingurugiroaren alorretan plan partzial horrek duen garrantziagatik. Gainera, azken hilabetetan, Abaroren plan partzialaren kontrako errekurtsoa desblokeatzeko urgentzia areagotu da. Alde batetik, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Loroñoko partzeletan Zipiriñeko Eskolarentzat haur hezkuntzako zentro bat eraikitzeko eta Abaroko lursailetan Iberreko Institutua zabaltzeko hartutako erabakiagatik. Bestetik, URAK Urko hezegunea handitzeko eta naturagune hori berreskuratzeko formalki agertu duen borondateagatik.
 
Alabaina, SAEk ez du onartu Sopelako Udalaren gehiengoaren eskaintza eta ez du Abaroko plan partzialaren kontrako auzi-errekurtsoa kenduko."SAEk ez ditu baloratu egoera desblokeatzeko egin dugun ahalegina eta elkar ulertze batera heltzeko izan dugun borondatea", adierazi dute. Hala, "oso larritzat" jotzen dute hartu duten erabakia, bertan bera utzi ditzakeelako Iberreko Institutuaren handipena, Urko hezegunearen berreskurapena eta epe motzean Sopelako etxebizitza arazoa konpon dezakeen 490 babes ofizialen etxebizitzen eraikuntza. "Interes partikularrak eta pertsonalak gailendu dituzte Sopelako interes orokorraren gainetik", deitoratu dute.
 
EH Bilduk, Elkarrekin Sopelak, EAJ/PNVk eta PSE-EEk Hiri Antolamenduko Plan Orokor (HAPO) berriaren prozesua bultzatzeko borondatea adierazi dute, Abaroko Plan Partzialaren garapenean aurrera egiteko eta Urkoko naturgunearen berreskurapena desblokeatzeko.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun