Milaka pertsona igaro dira bertatik 1986az geroztik, eta askorentzat kirola baino gehiago izan da: balioak, diziplina eta hazkunde pertsonala lantzeko espazioa. Horrela dio, behintzat, Iñigo Arketak, elkarteko burua eta irakasleak. Izan ere, urteurrenak atzera begiratzeko aukera eman dio: "Hainbat lagun izan ditugu; batzuk geratu dira, beste batzuk bidean galdu, baina guztiek partekatu dute momenturen bat tatami gainean".
Indarbidek karatea oraindik askorentzat arrotza zen garai batean ireki zituen bere ateak. Arketa bere aitagaz lanean murgilduta egon arren, egun bere espezialitate den karate horretan trebea zen, esperientziaduna. Ez zuen lanagatik motibaziorik sentitzen eta une horretan jaso zuen bultzada erabakigarria. "Zergatik ez duzu gimnasio bat sortzen?", esan zion aitak. Barrikan bizi baziren ere, Sopelako lokal batean ikusi zuen aukera. Ilusioz hasi zuen proiektua, baina ziurgabetasunez ere.
"Duela zenbait urte, gutako batzuk Japoniara joan ginen, bertako maisuengandik zuzenean ikasteko. Esperientziak karatea bere sorburuan ezagutzeko aukera paregabea eman zigun"
Hasierak xumeak izan ziren. "Goizean ikasle bat genuen, arratsaldean hiru…", gogoratzen du. Karatea ezezaguna zen, eta askok muskulazio makinen bila hurbiltzen ziren lokalera. Horregatik, jarduera-eskaintza zabaldu behar izan zuten; hots, egokitu beharra zegoen. Beraz, diziplinaz gain, gimnasioa edo aerobic klaseak ere eskaintzen zituzten. Hala ere, denboragaz, karatea Indarbideren bihotza eta nortasuna bihurtu da.
Urteek aurrera egin ahala, erronkak ere pilatu dira. Une gogorrenetako bat kiroldegi publikoaren irekieragaz etorri zen. "100 pertsonatik 22ra pasatu ginen", aitortu du. Kolpe handia izan zen, baina ez amaiera. "Egoera oso gogorra izan zen, baina karateak, familiak eta nire seme jaioberriak aurrera egiteko indarra eman zidaten", azaldu du Arketak. Esperientzia horrek arte martzialen dimentsio sakonagoan murgiltzera bultzatu zuen; gorputzaren kontzientzia, arnasketa, barne-energia eta oreka mentala lantzera, alegia.
"Karateak konpromisoa, errespetua, apaltasuna eta indarkeriarik eza irakasten ditu"
Lau hamarkadatan, belaunaldi osoak igaro dira Indarbidetik. Gaur egun, Arketak 60 eta 65 ikasle artean ditu, haur zein helduekaz lanean. Haurrekaz, jarduera jolasetik abiatzen da, energia askatu eta pixkanaka diziplina lantzeko. Helduei dagokienez, berriz, helburuak zehatzagoak izaten dira: osasuna, autodefentsa, konfiantza edo ongizatea. "Karateak konpromisoa, errespetua, apaltasuna eta indarkeriarik eza irakasten ditu", azpimarratu du.
Diziplina desberdinak, helburu bera
Askotan nahastu arren, Arketa argi mintzatu da Karate eta Judoren arteko aldeez. Irakaslearen esanetan, karatea distantzia ertain eta luzeko borrokan oinarritzen da, ostikoak, ukabilkadak eta askotariko teknikak landuz, gorputzaren kontrol osoa eskatzen dutenak. Judoak, berriz, gorputzez gorputzeko lana du ardatz, heldulekuak eta jaurtiketak erabiliz. "Judoak leuntasunaren bidea esan nahi du", dio, energiaren kontrola beste ikuspegi batetik lantzen duelako.
Hala ere, biek helburu bera dute: "Norbere burua hobeto ezagutzea, energia menperatzea eta barruko oreka lantzea". Bideak desberdinak dira, baina helmuga bera da.
Etorkizunari begira
Urteurren honek esanahi berezia eta sakona du Arketarentzat. Ikasle ohien seme-alabak tatami gainean ikusteak hunkitu egiten du, eta une horietan jabetzen da urteetan egindako lanak benetako ondarea utzi duela, belaunaldiz belaunaldi iraungo duen aztarna. "Orduan konturatzen zara egindako lanak benetan merezi izan duela", aitortzen du.
40 urte ez dira iraganaren ospakizun hutsa; bizirik dirauen pasioaren eta etorkizunarekiko konpromisoaren adierazpena dira. Arketaren hitzetan, karatea ez da kirol edo lan soil bat, bizitza osorako bidelagun baizik: "Gerriko beltza lortzen denean hasten da benetako ikasketa". Eta Indarbidek bide horretan jarraituko du, balioak, diziplina eta errespetua belaunaldi berriei transmititzen, tatamiaren gainean ez ezik, bizitzan bertan ere.