Elkarrizketak

UK Foto elkartea: "Argazkigintza analogikoko taldea handitu nahi dugu, horren inguruan komunitate bat sortzeko"

Izaro Garcia 2026ko otsailaren 11

Sopelan badago argazkigintza kamera eskuan, denbora patxadaz eta prozesuari balioa emanez lan egiten duen UK Foto elkartea; izan ere, elkarteak urrats berria eman du argazki analogikoaren aldeko apustuan eta otsailaren 15ean ateak zabalduko ditu errebelatze kolektibo berezi bategaz...galduko duzu?

Lehenik eta behin, zer da zehazki UK Foto elkartea, eta zer leku du argazki analogikoak elkartearen barruan?

UK FOTO elkartea Sopelan dagoen elkarte bat da, 80 bat bazkidek osatzen dute eta aurten bosgarren urteurrena da. UK Fotok jarduera asko garatzen ditu argazkigintzaren inguruan: argazki-irteerak, tailerrak, argazki-lehiaketa eta argazki-rallya. Horrez gain, Sopelako Argazki Jardunaldiak antolatzen ditu. Lau hilean behin argazki-aldizkari bat ere argitaratzen dugu, guztiz doakoa dena. Euskaraz zein gaztelaniaz irakur daiteke, eta digitalean zein paperean. Paperezko bertsioa Uribe Kostako liburutegietan irakur daiteke, baita hari atxikitako ostalaritza-establezimenduetan ere. Argazkigintza analogikoaren atala duela urte eta erdi inguru sortu zen elkartearen barruan, eta gaur egun 12 kide inguru ditu.

Nolakoa da gaur egun laborategi analogikoa? Zer zerbitzu eskaintzen dituzue han?

Laborategi analogikoa Sopelako Udalak lokal bat lagatzeari esker sortu ahal izan da. lehenengo hilabeteak lokala eraberritzeko hilabeteak izan dira, eta erreforma hori osorik egin dute bazkideek elkarlanaren bidez. Laborategi analogikoa UK FOTOko bazkide guztien eskura dago, goizeko eta arratsaldeko txandetan erreserba dezaten. Horretarako, online sistema bat martxan jarri dugu, eta bertan, bazkideek erreserbak egin ditzakete. Laborategia erabat hornituta dago zuri-beltzean eta koloretan errebelatu ahal izateko. 

Karreteak errebelatzeaz eta paperezko kopiak egiteaz gain, laborategiak beste erabilera edo aukera batzuk eskaintzen al ditu?

Talde analogikotik argazki mota hau sustatu nahi dugu. Horregatik, helduentzako tailer analogikoak zein gurasoentzako eta seme-alabentzako familia-tailerrak egitea da asmoa. Familia-tailerrak zianotipiakoak izango dira, modalitate honek ez baitu hain likido toxikorik behar, eta beraz, adingabeek erosoago lan egin ahal izango dute. Horrela,  nolabaiteko harrobia sortzea nahi dugu.

Zergatik da garrantzitsua argazkigintza analogikoa bizirik mantentzea gaur egungo testuinguru digitalean?

Argazki analogikoak prozesu osoa bizitzera gonbidatzen zaitu; hau da, argazkia ateratzean ez duzu emaitza berehala ikusten, kamera digitaletan bezala, Benetako une berezia errebelatzean iristen da, irudia poliki-poliki paperean agertzen denean produktu kimikoen laguntzaz. Horrek, nolabait, eguneroko presatik ateratzen laguntzen du, eta argazkigintza modu lasaiago eta kontzienteagoan bizitzeko aukera ematen du, prozesu osoaren urrats guztiak ulertuz.

Zuen helburu nagusietako bat bazkide berriak erakartzea da. Nori dago bereziki zuzenduta proposamen hau? Hasiberriak, afizionatuak, profesional ohiak...?

UK FOTOren barruan argazkigintza analogikoko taldea handitzea da gure asmo nagusia, argazkigintza mota horren inguruan komunitate bat sortu ahal izateko. Diziplina horrekiko interesa duen edonori zuzenduta dago proposamena; garrantzitsuena ezagutzak eta esperientziak partekatzeko talde bat egitea da. UK FOTOren barruan argazki digitalaren inguruan sortu den komunitate berdina argazki analogikoarekin sortzea da ideia. Elkartearen balioak bazkideen artean ezagutzak muxutruk trukatzea, elkartasuna eta adiskidetasunetik errespetua dira.

Otsailaren 15eko inaugurazio-eguna garrantzitsua izango da zuentzat. Zer prestatu duzue? Zergatik aukeratu dute zuri-beltzeko karretea eta sentikortasun jakin bat? Zer ikasi edo esperimentatu gura duzue horregaz?

Bada, otsailaren 15ean errebelatu kolektibo bat egingo dugu bazkideen artean, eta baita ezagutu nahi gaituzten UK FOTOtik kanpoko pertsonen artean ere. Marka jakin bateko iso 400 karrete bat zuri-beltzean errebelatzea aukeratu dugu, prozesua sinplifikatzeagatik. Hau da, bertaratzen garen guztiok likido berdinak erabiliko ditugu, eta errebelatze-denbora bera izango dugu prozesuan zehar. Gainera, esperientzia horren barruan hasiberririk badago, errazagoa izango da gainerako parte-hartzaileen artean gidatzea.

Ba etorkizunean laborategian egindako kopiekin erakusketa bat antolatzeko asmorik al duzue?

Kontuan hartu beharreko ideia da. UK FOTOk erakusketa-zirkuitu bat du Uribe Kostako 6 ostalaritza-lokaletan. Bertan, elkarteko esposizioen arduraduna den Ricardo, lau hilean behin ostalaritzako lokal bakoitzean bazkideen erakusketa desberdin bat egoteaz arduratzen da. Era berean, Sopelako Kurtzio Kultur Etxean noizean behin erakusketak egiten ditugu. Beraz, UK FOTO barruan esposizio sistema bat izanda, seguruena laster erakusketa bat egingo da analogiko taldearen argazkiekin.

"Elkartearen balioak bazkideen artean ezagutzak muxutruk trukatzea, elkartasuna eta adiskidetasunetik errespetua dira"

Horrelako espazio batek komunitatea sortzen laguntzen duela uste duzue? Zein da laborategiaren balio soziala?

Laborategi bat izatea funtsezkoa da komunitate analogiko bat sortzeko. Azkenean, horrelako argazki baten prozesuaren zati bat laborategi batean egiten da, ate asko irekiz. Ez bakarrik banaka errebelatuak egiteko, baizik eta bazkideen artean ezagutzak partekatu eta tailerrak eman daitezkeelako ere. Beraz, asko handitzen da argazki mota honi eman dakiokeen zabalkundea.

Etorkizunari begira, zer erronka eta amets dituzue UK Foto elkartearentzat?

UK FOTO, 5 urtetan hazkunde izugarria izan duen elkartea da, bai bazkide kopuruari dagokionez (10 pertsona inguru sortu baikenituen), bai egiten diren jarduera kopuruari dagokionez. Hori guztia bazkideen inplikazioari esker izan da. UK FOTOren barruko erronkak eta ametsak bazkideengandik sortzen diren ideien araberakoak izango dira. Izan ere, UK FOTOn oinarri argi bat dugu: bazkide orok ideia bat proposatu eta elkartearen barruan gauzatu dezake. Baldintza bakarra proposatzen duenak berak proiektua zuzendu behar duela da; hau da, zuzendaritza-batzordeak laguntza emango dio amaierara iristeko, baina arduradun nagusia ideia aurkeztu duen pertsona bera izango da.

Azkenik, zer esango zeniokete argazki analogikora hurbildu eta animatzeko asmoa duen norbaiti?

Hasiberria izan ala ez, ikasteko eta dakiena partekatzeko gogoa izanez gero, anima dadila. Abiatzeko beldurrik ez izatea, beste pertsona batzuengandik asko ikasiko dute eta. Gainera, baliteke etorkizunean beraiei ere egokitzea eskuratutako ezagutza transmititzea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun