Etxebizitzaren Euskal Behatokiaren 2025eko apirileko txostenaren arabera, Sopelak legeak ezarritako baldintzak betetzen ditu eremu tentsionatu izendatzeko. Hala, Udalak aurkeztutako dokumentazioan adierazten denez, etxebizitza-parkeak presio handia jasan du azken urteotan, bai arrazoi demografikoen zein sozioekonomikoen ondorioz, baita salerosketa eta alokairu-merkatuaren bilakaeragatik ere.
Udalak osatutako azterketaren arabera, etxebizitza-eskaria nabarmen handitu da, eta udalerriaren erakargarritasunak —batez ere gaitasun ekonomiko ertaina eta altua duten pertsonentzat— prezioen igoera eragin du. Azaldu dutenez, egoera horrek ahalegin ekonomiko handiagoa eskatzen die diru-sarrera txikiagoak dituzten sopelarrei, eta, ondorioz, etxebizitza eskuratzeko zailtasunak areagotu dira.
Horri erantzuteko, Udalak memoria osagarri bat ere prestatu du, herritarren beharrak asetzeko etxebizitza nahikorik ez dagoela justifikatzen duena. Bertan, etxebizitza berriak sustatzeko eta eskuragarritasuna hobetzeko neurriak proposatu dituzte.
Egunean Kurtzio kultur etxean egingo duten aurkezpenean, udal-ordezkariek diagnostikoaren ondorioak eta aurreikusitako ekintzak azalduko dituzte, eta herritarrei aukera emango diete proposamena gertutik ezagutzeko eta zalantzak argitzeko. Helburua, Udalaren arabera, "etxebizitza-merkatuan dagoen desorekari aurre egitea eta sopelarren etxebizitza-eskubidea bermatzeko neurri eraginkorrak abian jartzea" da.